Musika
Stuttgart Irratiko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Roger Norrington. Bakarlaria: Yuja Wang pianista. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.
Eguna: Urtarrilak 31.
Harmailetan irribarretsu eserita genuen Norrington maisuari baimena eskatu ondoren, bere oniritziarekin laugarren bisa interpretatzeari ekin zion Wang txinatar piano jotzaileak. Mozarten Turkiar Martxa-ri marrazki bizidunetako abiadura eta suziri erakustaldia atxiki ondoren, Rimsky-Korsakoven Eulibeltzaren hegaldia sorgindu zuen. Bartoken obrarik zailenetakoa interpretatu ondoren, hogeita hiru urteko neskatoak mende honetako izar handienetako bat izaterainoko ikuskizun izugarria oparitu zigun entzuleoi.
Urteetan ezin ahaztuko den heldutasun eta harrigarritasuna du Wangek eskuetan, garbitasun, sotiltasun, indarkeria eta dotorezia apartez lurrindu baitzituen Bartokek behin eta berriro minatzen dituen lehergailuak. Zailtasun tekniko oro gosaldu ondoren, entzuleentzat arrotz izan zitekeen Bartoken musika bigundu eta gerturatzeko ahalmena nabarmendu zuen, jarraian lau pieza opari eskaini eta Kursaaleko jendetza errenditzeraino.
Weberren oberturan orkestraren lehengaiak aztertzeko une aproposa izan zen, hamar minututan orkestrako sendi bakoitza garbi plazaratzen baita. Perkusioan tinbala erne, akaso erneegi, Norringtonen keinuari aurreratzen baitzion tinbal kolpe bakoitza. Metaletan tronpa laukotea biribil bateratasunean, zorrotz soinu ematean; tronpetak bikain eta tronboi hirukotean tenorra ederto. Haize egurrean kokatzen dira oztoporik aipagarrienak orkestra alemaniar honetan, flauta bikote txiro baten agerpenak afinazio eta oreka guztiz eten egiten baitu. Hariaren soinua iluna azaltzen du orkestrak, ezker eskuko bibratua itzalita eta metalekiko jorratu beharreko talde oreka hautsita. Beethovenen artikulazioetan Norringtonen nortasuna berebizikoa izan zen, sforzando guztiak azaleratuz, allegretto tempia makaldu ordez tente mantenduz eta sinfonia honen indarra eta energia betiere goraipatuz.
Marrazki bizidunetako piano jotzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu