Zinema. Estreinaldiak

Marten ere, liskarrak nonahi

Pertsonaia errealekin lehen film luzea egin du Pixarrek, Edgar Rice Burroughsen sailean oinarrituta: 'John Carter'

Gontzal Agote.
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Edgar Rice Burroughs oso ezaguna da Tarzanen saila sortu zuelako. Ez da hori idazle estatubatuarrak sortu zuen sail bakarra, beste asko atera ziren bere irudimen ia mugagabetik, horien artean Barsoomen girotuta zegoena. Barsoom Marte planetaren alegiazko izena da, eta hor gertatzen ziren John Carter pertsonaiaren abenturak.

Hain zuzen ere, 2012an ehun urte beteko dira Burroughsek Carter pertsonaia sortu zuenetik. Aukera ezin hobea bere lehen abentura pantaila handira eramateko. Hainbat saiakera izan dira istorio hori —Printzesa bat Marten— pelikula egiteko, orain arte fruiturik gabekoak.

Harrigarri samarra bada ere, animazio arloan famatu egin den ekoiztetxe bat izan da John Carterren pertsonaia haragizkoa bihurtu duena. Honakoa Pixarrek pertsonaia errealekin egiten duen lehen filma da; zuzendari lanetan A Bug's Life, Finding Nemo eta WalláE pelikuletan zuzendaria izandako Andrew Stanton dago.

John Carter armada konfederatuko ofizial ohia da, gerran ezagutu dituen kontuak guztiz lur jota utzi dutena. Halako batean, Martrako bidaia ustekabekoa eginen du. Planeta gorrian ezagutuko duena ez da batere samurra, bertako biztanleen artean liskar gogorrak daude eta John Carteren zeregina Marte hondamenditik salbatzea izanen da.

Planeta gorria irudikatzeko Utahko desertuan filmatu zituzten John Carter pelikularen pasarte gehienak, NASAk bere esperimentu askotarako erabiltzen dituen lurralde berberetan.

'JOHN CARTER'

Zuzendaria: Andrew Stanton.

Aktoreak: Taylor Kitsch, Lynn Collins, Willem Dafoe, Bryan Cranston, Mark Strong, Thomas Haden Church, Samantha Morton.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 132 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian eta ostiralean, Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.