Literatura. Pasarte hautatua. Ray Bradbury

'Martitzeko kronikak'

2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Lurrako gizonak Martitzera ailegatu ziren. Beldurra zutelako ailegatu ziren, edota ez zutelako, zoriontsuak zirelako edo zorigabeak zirelako, Erromesak senditzen zirelako edo Erromesak gisa ez zirelako senditzen. Haietako bakoitzak arrazoi ezberdina zuen. Emakume gorrotagarriak uzten zituzten, lan gorrotagarriak, ziutate gorrotagarriak. Zerbait aurkitzearren zetozten, zerbait utzi, edo zerbait lortu; zerbait desehortztera, zerbaiti lur ematera zerbait abandonatzera. Amets erridikuloekin zetozten, amets jatorrekin, edo ametsik gabe. Gobernuaren hatzak lau koloreetako karteletatik zera seinalatzen zuen, hiri zenbatezinetan: Lana bada zuretzat zeruan. Bixita ezazu Martitz! Eta gizonak espaziora abiatzen ziren. Haseran bakar batzu, dozena batzu, zeren ia oro gaixoturik senditzen zen suziriak Lurra utzi aurretik ere. Bakardadez gaixotzen ziren, ze batek ikusten duenean bere etxeak ukabil baten tamainoa hartzen duela, intxaur batena, jostorratz buru batena eta gero subuztan baten atzekaldean desagertzen dela, batek jaio ez dela senditzen du, ziutaterik ez dagoela, inon ez dagoela, eta espazioa bakarrik dagoela inguruan, ezer familiarrik gabe, gizon estrainoak bakarrik. Eta Illinois, Iowa, Missouri edo Montanako Estatuak hodeiezko itxaso batean desagertzen direnean, eta are gehiago, EEBBak lainotan zorrotutako irla bat bakarrik direnean eta planeta osoak urrutira botatako pilota lokaztu bat ematen duenean, orduan benetan bakarrik senditzen da bat, espazioaren zelaietatik noraezean, inolaz ere imajina ezin den mundu baten hila.

Ez zen arraroa, beraz, aurreneko migrariak gutxi izatea. Etengabeki hazi egin zen beraien kopurua. Martitzen zeudenak gainditu arte. Zenbakiak esportzagarriak ziren. Baina lehen bakartiak ez zuten kontsolamendu hori izan.

NOBELA (ZATIA)

Egilea: Ray Bradbury.

Itzultzailea: Jon Arano (Jean Arno ezizenarekin).

Argitalpena: Susa aldizkariaren 19. zenbakian.

Urtea: 1986.

Azalpena: Joan den asteartean hil zen Ray Bradbury (Illinois, 1920-Los Angeles, 2012), The Martian Chronicles eta Fahrenheit 451 eleberrien egilea, besteak beste. Lehenaren hainbat pasarte euskaratu zituen Jon Aranok, 1986an, Jean Arno ezizenez, haien artean hemen hautatutakoa, 2001-eko Abuztua. Kolonizatzaileak izenburuarekin; hurrengo urtean, Bradburyren ipuin bat euskaratu zuen Jesus Peñagarikanok, Porrot aldizkariaren 3. zenbakian: Pozoietara jolas dezagun. Baina Bradburyren liburu bakarra dago euskaratuta: Fahrenheit 451. Nagore Tolosak egin zuen itzulpena, eta Txalaparta argitaletxeak kaleratu, 2010ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.