Maule-Lextarrek Antso Handia pastorala 2004. urtean eskaintzea gertakari guztiz ohargarria izan zen, Zuberoako hiriburuak 1967an Xikito de Kanbo eman zuenetik ez baitzuen trajeriarik paratu. Gertakizun azpimarragarria izango da, halaber, otsailaren 3tik hasita Zuberoako dozena bat plazatan Maule-Lextarrek paratutako maskaradak antzeztea. Izan ere, pastorala bat eman duen herri batek maskaradak egitea -edo alderantziz - ohiko gertakaria bada, Zuberoako inauterien jakile direnen ustean, Maulek eta Lextarrek - bi herriak XIX. mendean uztartu zituzten- ez dute, ezta behin ere, maskaradarik paratu.
1974. urtean, Xiberoko Zohardia elkarteak aurkeztutako maskaradek Maule-Lextarre izan zuten ohantze, hango bilgune batean egin baitziren mustrakak, baina arizaleak Zuberoako herri askotakoak ziren, eta bakar bat ere ez, antza, hiriburukoa.
XORROTXAK NESKAK IZANGO DIRA. Aurtengoak bai, aurtengoak Maule-Lextarreko maskaradak izango dira, zeren eta, sorgunez ala bizigunez, Zuberoako hiri nagusikoak baitira 30etik gora diren arizaleak. Berez oso gertakari aipagarriaizateaz gain, erabateko berrikuntza dakarte aurtengo maskaradek. Ezen, gizonezkoek eta emakumezkoek osatutako maskaradetan, lehenengo aldia izango da Xorrotxak bi neska izatea. Patricia Etxebarne eta Mailis Irigoien dira kantuz arituko maskaraden zatien artean, Jaunaren ezpata zorrozteaz gain. Egia da emakume Xorrotxak egon zirela Eskuila herriak 1992an eman zituen maskaradetan, baina haietan arizale guztiak ziren emakumezkoak. Lehen aldia da, ordea, gizonezkoz eta emakumez osatutako maskaradetan Xorrotxak neskak izan daitezen, eta horrek ikusmin handia sortuko du, ziur aski, Zuberoan bertan zein kanpotik etorriko diren ikusliarren artean.
HARTZKUMEA AGERTUKO DA. Beste berezitasun bat ere nabarituko da Maule-Lextarreko maskarada hauetan: hartz bat egongo da pertsonaien artean, eta hori ere hain ohikoa ez bada -maskarada guztiek ez daukate-, orain arte inoiz ez da hartzkumerik egon.... Halaxe izango da aldiz maskarada hauetan, Junes Bedaxagar mutikoa baita hartzez mozorrotuta ibiliko plazetan.
Maskaradetako beste pertsonaia aipagarrienak izendatzearren, jakitekoa da Regis Claverie izango dela Kabana handia, Ximun Jauri Pixu, eta honen anaia Allande Jauri Buhame gehien. Patricia Etxebarne eta Mailis Irigoien Xorrotxei ezpata zorroztera emango dieten Jauna egiten arituko da Daniel Mainhagiet, Anderea izango duelarik Mailis Huret. Laboraria egiten txandakatuko dira Sebastien Xala eta Benoit Elgoien; Laborarisa kargutan, berriz, Maider Erbin ariko da. Gabi Keheille izango da Pitxu berpizteko lanetan jardungo duen Bedezia.
Gogoan edukitzekoa da Lextarreko plazan -otsailaren 3an- eta Mauleko gaineko pilotalekuan -apirilaren 21ean- gertatuko diren maskaraden lehen eta azken agerraldiak larunbatean izango direla. Zuberoako beste hamar bat herritan egingo diren jelkaldiak, berriz, igandearekin egingo dira, Barrikada hausteak goizeko hamarrak inguruan hasiko dira, eta maskaraden ikusgarria bera arratsaldeko hiru eta erdietatik harat izango da.
Maskaradak, hiriburuaren eskutik
Maule-Lextarrek paratutako Zuberoako inauteriak dira aurten herrialdean zehar ibiliko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu