«Puntako egitaraua» izango du 12. Dantzaldiak, «krisi ekonomikoak aurrekontuan arrasto nabarmena utzi arren». La Fundicion aretoak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, eta iazko aurrekontuari eutsiko diote, alegia, 180.000 euro baliatuko dituzte dantza garaikidearen inguruko jaialdia egiteko. Sei emanaldi izango dira, iaz baino bat gehiago.
Genevako Philippe Saire konpainia, Espainiako Israel Galvan, Eslovakiako eta Belgikako Les Slovaks Dance Collective, Normandia Behereako Hela Fattoumi & Eric Lamoureux, Espainiako Amalia Fernandez eta Kataluniako Gelabert Azzopardi konpainia izango dira Bilbon, otsailaren 5etik martxoaren 31ra.
Baina «krisiak behartuta» denak ez dira Euskalduna jauregian dantzatuko. Guggenheim museoan, Alondegian eta EHUko Bilboko paraninfo berrian emango dituzte zenbait lan, Laura Etxebarria antolatzaileak esan duenez. Nolanahi ere, obra horiek hiru leku horietarako aproposak direla nabarmendu du. Hela Fattoumi & Eric Lamoureux, Amalia Fernandez eta Gelabert Azzopardiren lanak izango dira, hurrenez hurren, Alondegian, Guggenheimen eta EHUko paraninfoan.
La Fundicionen ere izango dira saioak. Izan ere, dantza emanaldiez gainera, profesionalentzako eskolak, dantza garaikidean esperientziarik ez dutenentzako lantegiak eta solasaldiak emango dituzte jaialdira datozen sortzaileek.
Halaber, zinema labur eta dokumentalaren Zinebi jaialdiarekin elkarlanean, zinema ziklo bat egingo dute. Dantza garaikidearekin zelanbaiteko lotura duen film labur sorta erakutsiko dute, martxoaren 23 eta 24an, La Fundicionen.
Philippe Saire konpainiak irekiko du Dantzaldia gaur zortzi, «maskulinitateari buruzko ikerlan batekin», alegia, Lonesome Cowboy obrarekin. Gizonezkoa da koreografoa, Philippe Saire bera, eta gizonezkoak dira bost dantzariak: Philippe Chosson, Pablo Esbert, Matthieu Guenegou, Mickael Henrotay eta mike Winter. Maskulinitateak ikasiak dauzkan portaeren inguruan hausnar egingo dute, hala nola «gizonak menderatzeko daukan nahi etengabeaz, talde baten parte izateko daukan senaz eta arriskuak hartzeko eta oldartzeko daukan beharrizanaz».
Israel Galvanek La Edad de Oro erakutsiko du, flamenkoa, cante-a eta dantza uztartzen dituen pieza. David Lagos abeslaria eta Alfredo Lagos gitarristarekin, «kanonak apurtuko ditu Galvanek», ziurtatu du Etxebarriak.
Les Slovaks Dance Collectivek Eslovakiako dantzetan oinarritutako ikuskizuna emango du. «Oso kolektiboa da taldea eta obra. Eskolatik konpainia sortzeraino elkarrekin egin dute bidea, eta dantzatzeko moduan igartzen zaie».
Hela Fattoumi & Eric Lamoureuxek arabiar jatorriko Europako zenbaitemakumek janzten duten zapiaz gogoeta egiten duen pieza aurkeztuko dute: Manta.«Zapi horrek emakumea bere ingurutik bakartzen duela eta muga dela». Ideia horietatik abiatuko dira dantzariak.
Amalia Fernandezek «kontzeptu semantikoen berrerabilera» planteatzen du Kratimosha piezan. Eta Cesc Gelabertek eta Lydia Azzopardik ohiz kanpoko saioa egingo dute. Lantegi bat, solasaldi bat eta erakustaldi bat egingo dituzte, «publikoarekin komunikazioa lantze aldera».
Maskulinitatea,zapia eta dantza
Philippe Sairek irekiko du Dantzaldia gaur zortzi, eta bost talde ariko dira otsaila eta martxoa artean, Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu