Material isilaren mintzoa

Koldobika Jauregik Gernikako bonbardaketa gaitzat harturik osatu du 'Kanpai ixila' erakusketa, burdinaz eta egurrez

Koldobika Jauregi, Kanpai ixila erakusketako obrez inguratua, atzo, Donostiako Ekain galerian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Alkizako (Gipuzkoa) bizileku eta lan tailerrean ekiten dio Koldobika Jauregik eskulangintzari. «Lanean jardun, eta azkenean gai bat nagusitzen da». Ez dira garai onenak artista plastikoentzat ere. Erakusketak egiteko deiak urritu egin dira azken urteotan, baina lanean jarraitzen du Jauregik. Iaztik hasita, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena zuen gogoan. Egiten zituen proba eta lanetan gertakari hari lotutako irudi eta sinboloak gailentzen zitzaizkion, beste zenbait gai ere tartekatzen zitzaizkion arren. «Dozena bat elementu ateratzen zaizkit normalean, eta, horien konbinazioaren arabera, irakurketa bat edo beste egin liteke. Baina irakurketa hori ikusleari dagokio egitea, nik pista batzuk baino ezin ditzaket eman».

Ariketa estetiko batez gain, memoria ariketa etiko bat ere proposatzen du Jauregik Kanpai ixila erakusketan —gaur zabaldu du, Donostiako Ekain galerian—. Kontraesan batetik abiatzen du bere proposamen artistikoa. «Kanpaiak abisua emateko daude normalean. Kanpai horiek, ordea, isildurik daude». Azken boladan burdinean egindako 27 piezak —denak 50x33 zentimetroko neurrian, handiagoa den bakar baten salbuespenarekin—, egurrezko lau eskulturak eta zenbait bitxik osatzen dute ikusgai dagoen bilduma. «Erakusketak abuztura arte iraungo duenez, eta 60 bat koadro egin ditudanez serie honetan, aldatzen joango gara ziur aski». Marroia eta beltza nagusitzen dira. Kolore ilunak. «Kolore ilun horiek ez dira margoturikoak, ordea, burdinaren herdoila da, plantxak herdoiltzen utzi, eta gero zenbait lekutan herdoil hori kendu edo landu, baina kolore gordina da. Ez da besterik». Kolorea urrearekin egindako zertzelada batzuek ematen diete hainbat piezari; ez guztiei ordea.

Urrea eta haren kolore epela sarri erabili izan du Jauregik, «asko azken urteetan». «Urreak badu izpiritualtasun puntu bat. Budismoan esaten dute Budaren amets bat baino ez garela. Hura esnatzean gu desagertuko garela. Urreak antzeko zerbait sinbolizatzen du. Nire lanak zerikusi handiagoa du gauarekin, iluntasunarekin. Nire lanak gehiago dira argi leunetan ikustekoak. Argia jaisten denean, urrea geroz eta gehiago nabaritzen da». Urrearen bidez batzuetan eman dezake eguzkiaren isla, edo ilargiarena edo su mingainak jende markatuaren gainean... «Gerra denean, biolentzia denean, beti baitago jende markatua, zibilak ia beti...».

Giza irudiak aspaldiko partez

Burdinaren eta urrearen erabileraz gain, karea da erakusketako hormetan zintzilik egongo diren piezetako beste material garrantzitsu bat. «Kare bizia erabiltzen zen garbiketak egiteko, desinfektatzeko, baratzeetan-eta... baita hildako gorpuen gainean botatzeko ere. Horregatik erabili dut karea edo klariona, eta ez beste edozein margo txuri».

Burdinazko piezek ematen diote jarraikortasuna erakusketari, baina bularretik gorako egurrezko lau giza irudik ere presentzia nabarmena dute erakusketa aretoan. «Irudi figuratiboak dira. Hogei bat urte badira nik figurazioa ez nuela lantzen, eta giza irudiak ere oso aspaldi ez nituen agertzen. Burdinazko koadroetan gizakien zeinu batzuk baino ez dira agertzen, baina eskulturetan giza irudiak landu ditut osoki». Egurrez egindako giza irudiak dira, eta ondoren suarekin erretakoak. «Sua da beti erabili izan dudan beste material bat. Dena dago suarekin loturik. Sua da metamorfosia, sua da oxidazioa, sua da denboraren igarotzea...». Kanpai isilaren mezuari jarraiki, giza irudi horietako batek isiltasun keinua egiten du hatz batez. Gainera, beste giza irudi bat ahoa zabalik duela ageri da, hainbat piezatan ahoen zeinuak ageri diren bezala —baita ere gurutzeak, hegazkinak, arbolak...—. «Aho zabalik dagoen gizakiak heriotza errepresentatzen du: ez arnasa hartzeko ez botatzeko gaitasunik ez duen aho hori da heriotza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.