Mediterraneoko kultura zaharrak molde berriekin nahasiko ditu Omar Farukek

Musika etnikoa oinarritzat hartuta, bi kontzertu emango ditu musikari turkiarrak, Leioan eta Donostian

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Gizadia bezain zaharrak dira Mediterraneo itsasoaren inguruan sortutako kulturak. Mendeetan Turkian bat egin dute kultura horietako askok, Omar Faruken sorterrian. Iturri horietatik guztietatik edan du musikariak, eta fusio hori doinuz janzten du kantuetan, gaur egungo beste estiloen eraginekin aberastuz eta gaurkotuz. Musika etnikoa gaur egungo moldeekin nahasiko du Euskal Herrian emango dituen bi kontzertuetan. Leioako auditoriumean ariko da gaur, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian asteartean.

Emanaldi guztiak bere izaeraren ardatz diren «lau erpinetan» oinarritzen dituela azaldu du Farukek: sufismoari lotutako hasiera, meditaziora emana; zati erromantikoagoa; kutsu folklorikoa duena; eta «imajinazioari» eskainitako tartea, beste kulturei irekiagoa. «Lau erpin horietatik aukeratzen ditut kantak, errepertorio zabala eskaintzeko».

Kelebek izeneko filmerako ondutako doinuak dira Faruken lanik berriena, baina gurean ez ditu haiek joko, aurreko bederatzi diskoetako abestien aukeraketa bat baizik, The Tree of Patience lanekoak bereziki. Enrique Morente flamenko kantariaren eta beste zenbait musikariren kolaborazioak bildu zituen lan hartan. Kantatzeaz gain, mundu arabiarreko hainbat tresna tradizional jotzen ditu emanaldietan; ney txirula, baglama gitarra antzekoa eta bendir eta darbuka danborrak, kasu. Perkusioa, teklatuak, gitarra eta kanun harizko tresna izango ditu lagun, berarekin batera ariko diren bost musikarien eskutik.

Euskal Herrian beste lau aldiz izan da Faruk, eta euskal kulturak harenarekin antzekotasunik baduela uste du. Dultzaina jarri du horren lekuko, antzeko musika tresna bat badelako kultura gehienetan. «Tradizioa oinarri duten musika guztiek dute esentzia komun bat».

Teklatuak eta sintetizatzaileak erabilita ez diola merkatuaren logikari jarraitzen dio, nahasketa «naturala» dela. «Turkiatik dator nire musika, etnikoa da, baina baditu arabiar kutsuak, flamenkoarenak, eta Grezia edo Armeniako musikarenak ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.