Istantaren poesiaz ari da Vari Carames argazkilaria (Ferrol, Galizia, 1953) bere irudietan. Argazki kameraren botoiari sakatu, eta klik batean uneak betikotzen ditu. Haren lanaren atzera begirakoa egin, eta artistak 80ko hamarkadatik gaur egun arte irudikatutako mementoak bildu dituzte Bilboko Rekalde aretoan, Ritmo mareiro, 1980-2012 erakusketaren bidez. Hainbat formatutako 150 argazki inguru bildu dituzte. Irudiak uztailaren 8ra arte egongo dira ikusgai.
«Harrapatutako argazkiak» dira erakutsitako guztiak, izan ere, Caramesek botoiari ematen dio asko pentsatu gabe: «Istantari jarraitzen diot, ez dut perfekzio teknikoa bilatzen, argazkiek zerbait konta dezaten nahi dut». Bide horretan, poetaren lana hartzen du, eta ostretan perlak bilatzeari ekiten dio: «Baina perla bat aurkitzeko ostra asko ireki behar dira», azaldu du. Haren argazkiak itxuraz baino ez dira arretagabeak, izan ere, irudiaren poetikotasuna bilatzearekin batera, artistak begirada trebea eta prestakuntza sakona du pinturari eta argazkigintza klasikoari dagokionez.
Mementoa eta bizitza erretratatzen ditu Caramesek, ikusleari gertuko gertatzen zaizkion irudi poetikoen bidez. Ura, leihoak, mugimendua eta fokatze okerra erabiltzen ditu, besteak beste, eta irudi iradokitzaileak sortzen. Izan ere, zerbait erakusteko helburua izan beharrean, ikusleari bideak zabaldu nahi dizkiola dio, ikusleak berak ikusten duena interpretatu dezan. Helburu horri helduta ez zaio bere irudien testuingurua zehaztea gustatzen: «Irudi atenporalak sortzen ditut eta lekuak ezagutezin egiten saiatzen naiz».
Argazkigintza analogikoa erabiltzen du horretarako; azaldu duenez, oso gustuko du euskarri analogikoek lan egiteko eskatzen duten lasaitasuna, eta argazkiak errebelatzean irudiak berraurkitzea. Hala ere, garaiak hala eskatuta, bere lana neurri batean digitalizatu behar izan duela argitu du, nahiz eta hartualdiak analogikoak diren oraindik ere.
Caramesen lehen lanen nahas-mahas batek zabaltzen du erakusketa. Formatu txikiko lanak dira horietako gehienak. Zuri-beltzeko eta sepia koloreko garaiko kopiak, argazkilariak berak errebelatuak. Azaldu duenez, argazkien tamaina txikiak, garai hartan zituen baliabide teknikoekin du zerikusia batetik; baina batez ere, bilatutako efektua lortzeko bidea dela dio, ikusleak argazkietara gerturatzea nahi du, argazkiarekin aurrez aurre paratzea eta horiei denboraz begiratzea.
Erakusketa atal handi bitan banatu dute; lehenengoan, 2000. urte arteko zuri beltzeko eta kolore sepiako argazkiak agertzen dira. Argazkiak hainbat serietan antolatu dituzte, zenbait narrazio sortuz. Horien artekoak dira, Coruña by Night Brassairen Paris de Nuit lanari omenaldia; Castelos de Galicia, A movida viguesa, Compostela eta Vision animal serieak. 2000. urtetik aurrerako serietako argazkiak, berriz, formatu handiagokoak dira, horietako gehienak koloretan. Tamainaren erabakia lanen nolakotasunaren araberakoa izan da oraingoan ere. Lan horietako gehienek kutsu inpresionista dute, eta errazago zaio ikusleari formatu handien bidez ikustea. Horren artekoak dira besteak beste, Miraxes, Transito eta Recreo serietako argazkiak.
Erakutsitako lanak zenbait bilduma publiko eta pribatutik ekarri dituzte. Rekalde Aretoa, Santiago de Compostelako Gonzalo Torrente Ballester Fundazioaren eta Kiosko Rusoren arteko ekoizpena da erakusketa, eta Bilboko Rekalde Aretotik Badajozera (Espainia) eta Coruñara (Galizia) eramango dute.
Memento izoztuak
Vari Carames argazkilariaren atzera begirako erakusketa dago Bilboko Rekalde aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu