Zinema
'Balada triste de trompeta'
Zuzendaria: Alex de la Iglesia. Aktoreak: Antonio de la Torre, Carolina Bang, Santiago Segura, Sancho Gracia, Carlos Areces, Fernando Guillen Cuervo. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 107 minutu.
Espainian 1937tik 1975era izan ziren gertakari nagusiak bildu nahi izate hutsa balentria handia da. Azken urte hauetan, Cuentame-k taxuzko zirriborrorik egitea ez badu lortu, nekez lortuko du halakorik bi orduko film batek —aipatutako telesaila baino askoz zintzoago izanagatik ere—.
Hori jakinda, autobiografiaren eremura jo du Alex de la Iglesiak, urte horietatik dituen oroitzapen subjektiboak bildu eta haiekin collage handia eraiki nahi izan du. Horrela bere filmik pertsonalena, baita intimoena ere, sortu du.
Hala ere, gehiegizkoa izaten segitzen du asmoak. Hasierako kredituek urte beltz horien halako begiratu azkar bat egiten badute ere, narrazioa garatzen hastearekin oso lausotuta geldituko da kronika historikoa. Eta, agertuko denean, zertzelada azkar batzuk besterik ez du agertuko, halabeharrez. Izan ere, Francoren agintaldi luzearen gaineko begirada izateaz gain, Balada triste de trompeta-k maitasunaren eta mendekuaren gaineko istorioa nahi du izan. Bi asmo potolo ontzi berean; gehiegitxo edozein zuzendarirentzat, biren uztarketak ez du behar bezala funtzionatuko.
Orain artean argi utzi duen moduan, argi dago De la Iglesia neurririk gabeko zuzendaria dela. Onerako zein txarrerako. Alderdi positibotik, bere neurrigabetasun hori oso eskuzabal izatera eramaten du gehienetan, barnean duen mundu aberats hori ikuslearekin konpartitu nahi duelako. Ikuspuntu horretatik eta aldeak alde, Tarantinoren eskola berekoa da bilbotarra. Irudi eta sekuentzia askok duten indarra da filmaren indargunerik nagusietakoa.
Horren ifrentzua sintesirako ezintasuna litzateke. Egoerak eta pertsonaiak horrenbeste bihurrituta, askotan eskuetatik ihes egiten diotela eta film honetan oso nabarmena da alderdi hori. Ideia bikain ugari daude Balada triste de trompeta-n, baina horiek kontrolatzeko eta xehatzeko ausardiaren falta sumatuko da askotan. Horren ondorioz, kontaera gorabeheratsua izanen da, eta, bereziki, amaieran, déjà vu sentipena nagusituko da, hemengo klimax-a eta El día de la bestia-koa igualtsuak baitira.
Bi protagonisten interpretazio txalogarrien eskutik, zirkuaren alderik grisena ekarriko digu filmak. Fellini eta Freaks-en artean balantzaka, De la Iglesiak barre egiteko eskubidea eta ahalmena kolokan jarri nahi ditu. Testuinguruaren bortitza aintzat hartuta, zenbateraino da zilegi ihes egin nahi izatea?
Memoria histerikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu