Argi utzi nahi izan dute lau kritikariek, zerrendetako liburu guztiak gomendagarriak badira ere, zerrenda horietan ez daudela iaz argitaratutako liburu gomendagarri guztiak, ezta hurrik eman ere. «Erran gabe doa hautaketa hau nik neuk irakurri ditudan liburuen artean egin dudala», ohartarazi du, adibidez, Serrano Izkok. «Zorionez, irakurtzeko orduak eta orduak emateko nahi bertze denbora eta zaletasun bizia dudan irakurle honek ere ezin du irakurri gaur egun euskaraz ateratzen den eta merezi duen den-dena».
Bitxia gertatu da liburu batek helduentzako literaturaren arloko kritikariek egindako zerrenda guztietan hartu izana lekua; Irene Nemirovskiren Suite frantsesa-ren kasua da. Beste bitxikeria bat: berak hautatu dituen hiru liburuak «historiaren kontaketa, memoria edo erretratuari lotuak» direla dio Esnaolak; baina gainerako kritikariek hautatutako liburu gehientsuenen kasuan ere nabarmena da lotura hori.
IRATXE ESNAOLA
Literatur kritikaria
•Iban Zaldua eta Julen Ribas. 'Azken garaipena' (Ikastolen Elkartea).
Aurreneko lekuan Ikastolen Elkartea euskal komikia sustatzeko egiten ari den lanaren adierazle den Azken garaipena aipatu nahi dut, Iban Zalduaren gidoia eta Julen Ribasen marrazkiak dituena. Xabiroi gazteentzako euskarazko komiki aldizkaria da, 2005. urtetik argitaratzen dena hiru hilean behin. Atalez atal aurkezten diren komikien artean argitara ekarri den hirugarrena da hau. Azken garaipena-k bere baitan komikiari omenaldia egiten dio tramaren parte bihurtuz. Bigarren Mundu Gerra naziek irabazi zutela proposatzen du, eta historia asmatzeko, kontatzeko, eta batez ere kontrolatzeko boterearen garrantzia du oinarrian. Marrazkiaren zein gidoiaren kalitateak, bai eta esku artean euskaraz sortu eta argitaratutako komikiak izatearen plazerak urteko pozetako bat bihurtu du niretzat.
•Iñigo Aranbarri. 'Zamaontzia' (Susa).
Ekainean argitaratutako Iñigo Aranbarriren Zamaontzia ez nuke aipatu gabe utzi nahi. Gerra ostean lapurtutako umeen gaiaren eta Vallejo familiako kideen harreman gatazkatsuen eskutik, egileak memoriaren gaira garamatza eta berarekin garaileen larderiaz gogoeta egitera, baita galtzaileen isiltasun eta lotsaren gainean hausnar egitera ere. Eleberri borobila berau, harreman pertsonalen gatazkak eta botereak sortuak ederki uztartzen dituena, kalitatean atsegin eta eragindako pentsamenduetan emankor.
•Irene Nemirovski.'Suite frantsesa' (Alberdania); itzultzaileak: Mikel Garmendia eta Jose Antonio Sarasola.
Euskarara ekarritako obrak ere gogora ekarriz, Irene Nemirovskiren Suite frantsesa albiste pozgarria izan da, halaber. Alemaniar naziek okupatutako Parisen deskribapena gordetzen duen liburu ezaguna, egilea hil eta 62 urte geroago argitaratu zuten 2004. urtean. Frantzian Renaudot saria eman zioten urte hartan bertan lehen aldiz hildako egile bati, eta ordutik XX. mendeko obra ikurtzat hartu du askok historia biziaren testimonio hau. Orain euskaraz gozatzeko aukera dugu, lehendik autore beraren Dantzaldia (Txalaparta, 2006) lanari lagun eginez liburuen apalategietan.
LEIRE LOPEZ ZILUAGA
Literatur kritikaria
•Primo Levi. 'Hau gizon bat bada' (Alberdania); itzultzailea: Mikel Irurtia.
Nazien kontzentrazio esparruei buruzko lanik handienetako bat da Levirena, handiena ez bada. Auschwitzetik askatua izan eta bi urtera idatzi zuen, eta bahitua izan zuteneko testigantza ematen du. Lagerretako «bizitza» nolakoa zen kontatzen du, ahitu arte egin behar zituzten lanak, Lagerrak gizakiak deshumanizatzeko eta barrutik hustu ostean akabatzeko makina ia perfektuak izan zirela erakutsiz. Aurten irakurri dudan nobelarik sakonena.
•Juan Gorostidi. 'Lau kantari' (Pamiela).
Beñat Axiari, Mikel Laboa, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorikaren kantagintzari buruzko liburu oso interesgarria da Gorostidirena. Nik euskal musikari buruz irakurri dudan libururik onenetako bat. Kantarien aukera ez da oso kanonikoa, eta guztiz zentzuzkoa da musikazalearen ikuspuntutik. Euskal kanona berriz pentsatzeko aukera ematen du liburuak. Ideia argigarriak botatzen ditu haien musikari eta kantatzen zituzten hitzei buruz, eta eztabaidatzeko aukera ematen du.
•Irene Nemirovski.'Suite frantsesa' (Alberdania); itzultzaileak: Mikel Garmendia eta Jose Antonio Sarasola.
2004an argitaratu zen Nemirovskiren nobela bukatugabea, egilea hil eta 62 urtera. Pentsatuak zituen bost ataletatik bi idatzi ahal izan zituen, naziek Auschwitzen sartu eta bertan hil baitzen. Hain zuzen ere, paristarrak nazien erasotik ihes egiten erakusten dizkigu aurreneko atalean, eta armistizioaren sasoia bigarrenean, zehaztasun handiz, eta oso ondo erakusten digu muturreko egoera horretan zeuden pertsonen alde makurra. Nemirovskiren idazkera zorrotza gozatzeko ezin hobea.
•Harkaitz Cano. 'Twist' (Susa).
Soto eta Zeberio desagerrarazi egin zituzten, eta haien patua bizi bazezakeen ere, bizirik atera eta idazle egin zen Lazkano, baina ez ditu lagunak ahaztu. Sakon tratatzen du Canok gaia eta inguratzen duten alderdiak, osotasun sentsazioa emanez. Nabarmena da egindako ahalegin narratiboa: nobelak egitura interesgarria du, narratzeko hainbat modu, tonu, ikuspegi erabiltzen ditu, esaldi gogoangarriak daude han-hemen. Nobela handia egin du.
BIXENTE SERRANO IZKO
Literatur kritikaria
•Philippe Claudel. 'Brodecken txostena' (Igela); itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun.
Atmosfera sortzaile bikaina, zeinaren barnean mundu itxi, baztertu, korapilatsu eta oso bat islatzen den, giza izaeraren konplexutasuna irudi. Beldurra, bertzearekiko mesfidantza morbosoa, norberaren defentsarako itxiera eta kanpotiko eraginetatik salbu sentitzearren edozein bidegabekeria egiteko prest dagoen gizakia eta gizartea, bidegabekerien aitorpenaren terapia alibia, betiere aitortza eginez gero behin betiko galtzen baldin bada haren memoria, hau da, terapia bainoago alibia… Biribila obra, bai bere kontzepzio narratiboan, bai oskol barneko giza munduari buruzko ikuspegian. Eta haren euskarapenak ederki jartzen dizkigu begien aurrean balio horiek.
•Juan Gorostidi. 'Lau kantari' (Pamiela).
Garai bateko euskal kultura berriztatzaile haren bi eredu, Laboa eta Imanol, biak zenduak, eta berriztatzaileak ere bai baina gaur egun sasoi betean dauden bertze bi, Ordorika eta Axiari —azken hori ia ezezaguna Hegoaldean behintzat, eta niretzat aurkikuntza ziragarri bat izan dena—. Musika eta letrak aztertzen ditu, oso gertuko idazkera batekin, egilearen barnean ongi bai ongi hausnarturiko ikuskera batekin, eta ederki lotzen ditu ikerketak azkeneko sei hamarkadetako kezka kultural eta estetikoekin, hain lotuak egon direnak gure arteko bizipen politiko, sozial eta filosofikoekin.
•Anjel Lertxundi. 'Etxeko hautsa' (Alberdania).
Bere ohiko estilo fin eta berezian, bere ohiko trebeziaz narrazioak ehuntzerakoan, baina gainera gaiaren trataerak, ikuspuntuak harrapatu nau. Bi gauza azpimarratuko nituzke. Batetik, ikuspegi moralak gure gizartean, jarrera politikoen arabera: hiru egoera hartzen ditu oinarri, guztiz kontuan hartzekoak eta begi zorrotzez ikusi beharrekoak. Bertzetik, memoriaren berreraikipena, guztiz metaforikoa delarik nobelaren planteamendua: iraganari, aitari zuzentzen zaio narratzailea, baina iragana, aita sorgor dago, gaixotasunaren lainoetan galdurik. Finean, iragan antzemanezina gaurtik berreraikitzeko beharraren metafora.
•Irene Nemirovski.'Suite frantsesa' (Alberdania); itzultzaileak: Mikel Garmendia eta Jose Antonio Sarasola.
Ongi laguntzen dio euskarapen ederrak. Baina eleberriaren balioak, bai literarioak, bai testigantzazkoak, guztiz kitzikagarriak eta gogoetak egitera bultzatzen dutenak dira. Nobela barren-barrenetik pertsonala, baina bere begiradarengatik pertsonala: islatzen digun mundua guztiz korala baita, iheslarien masen mugimendua eta masa horien barneko banakako hainbat esperientziak era eredugarri eta oso aberats batez josten dituelarik.
IMANOL MERCERO
Literatur kritikaria
•Mathilde Elie. 'Dinosauroen garaian' (Ttarttalo); itzultzailea: Bakun Itzulpen Zerbitzuak.
Jakintzaren zabalkundeari dagokionez, 2011 ez da urte bereziki oparoa izan. Haur txikienentzako ohiko nozio liburuez gain ez da ia ezer esanguratsurik kaleratu. Argitaratutako lanetatik paleo-zoologiari eskainitako Dinosauroen garaian arrunt nabarmentzen da. Dibulgazio liburu oso interesgarria da, informazio ugari eskainita ere testu labur eta irudi askorekin irakurketa arin eta erraza eskaintzen duena.
•Karlos Linazasoro. 'Bat-batean krispetak' (Alberdania); ilustratzailea: Maite Gurrutxaga.
Ez da urtero argitaratzen Bat-batean krispetak bezalako poesia lanik. Haiku, aforismo eta bestelako testu laburretan berezilari bihurtutako Linazasorok oraingoan ere asmatu du bere proposamenarekin. Liburu inteligentea eskaini digu, irakurlearekin jolastu nahi duena, hizkuntzarekin jolastu nahi duena, eta barrea, etengabeko irribarrea eskaintzen duena.
•Pako Aristi. 'Scott Barberenaren bizitzako lehen pausoak' (Elkar); ilustratzailea: Jose Luis Zumeta.
Ustezko xalotasunean bilduta, obra honek harritu egiten du. Pertsonaia gutxi, ekintza urriak, agertoki bakarra eta hala ere Aristi gai da ezustea, emozioa eta baita hunkidura ere sortzeko,soilik amaieran konturatuko garelarik zein ederki uztartu diren haurraren barne eta kanpo bidaiak. Ezin ahaztu Jose Luis Zumetaren ilustrazioak, margolari entzutetsuaren haur literaturarako lehen hurbilpena direnak.
•Gregorio Muro. 'Indianoa' (Alberdania, Erein eta Igela); Ilustratzailea: Francisco Fructuoso.
Urte berezia izan da euskal komikigintzarentzat. Batetik, eskuartean dugun Indianoa berrargitaratu da, 80ko hamarkadako komikigintza euskaldunaren emaitza txukuna. Hiru lan berri ere kaleratu dira: Udaberririk ankerrena Iturriaga & Sanvi tandemarena; 1512 Nafarroa Asiron & Martintxorena; eta Azken garaipena, Zaldua & Ribasena. Ez dut uste kasualitatea denik laurek erakusten duten historia idatzi edota berridazteko grina.