Musika

Mende laurdeneko higadura

Jon Eskisabel.
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Hogeita bost urteren aldea dago Valley of Rain eta Blurry Blue Mountain-en artean, Giant Sanden lehen eta azken diskoaren artean. Urtemugaren harira biak pack batean argitaratu ditu Fire Recordsek, eta jarraian entzunda ezinezkoa da metafora errazari itzuri egitea: basamortuko harritzar landugabe hura azal leun eta forma liraineko bitxi bilakatu da higaduraren poderioz.

Mende laurdena igaro da, beraz, Tucsoneko taldeak country, punk, rock-and-roll, blues eta bestelako estiloen arteko nahasketaren, alegia, gaur egun country alternatibo deitzen dugunaren etorrera iragarri zuenetik. Horretan zetzan Valley of Rain -en ekarpen nagusia, baina aspaldi da Giant Sandek edozein sailkapen edo multzo gainditzen duela, eta Howe Gelb kantari eta konpositorearen nortasuna eta ikuspegia nabarmentzeko tresna dela. Are gehiago Joey Burns eta John Convertinok taldea utzi zutenetik, indar guztiak Calexicon jartzeko. Une zaila izan zen Gelbentzat, baina berehala aurkitu zituen bidaide berriak… Danimarkan. Han grabatu ditu azken diskoak, baina Arizonan egindakoak dirudite.

Giant Sanden musika «aldarte» bat dela adierazi du Gelbek maiz, eta Blurry Blue Mountain-ekoa «lo eta esna egotearen arteko uneari» dagokiola duela zehaztu du. Monk's Mountain-en zazpi minutuek jasotzen dute ondoen baretasun eta ernetasunetik duen giro lauso eta ametsetako hori, baina tonu orokorra da intimoa eta beroa, piano baladek (Chunk of Coal, Love a Loser) eta Lonna Kelleyren ahots eztiak lagunduta.Horrek aukera ematen du beste behin taldearen musikalitate apartaz gozatzeko, baita Gelbek hitzak ahoskatzeko duen modu zoragarriaz ere. «17 urte nituenetik nire heroi guztiak akabatu dituzte», dio Gelbek lehen esaldian (Fields of Green). Heroi horietako batzuen itzala sumatu daiteke hemen, Johnny Cash (Ride the Rail), Bob Dylan (Thine Line Man) edota Merle Haggardena (Erosion).

Berririk onena, berritasunik eza.

GIANT SAND.

Diskoa: 'Blurry blue mountain' / 'Valley of rain'.

Diskoetxea: Fire Records.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.