Elkar argitaletxeak hiru liburu berri gehitu dizkio 6 eta 8 urtetik gorako haurrentzako bildumei: Castillo Suarezek idatzi eta Enrique Morentek marraztutako Krispeta hegalariak, Uxue Alberdi eta Eider Eibarren artean ondutako Marizikina naiz, eta zer?, eta Xabier Mendigurenek idatzi eta Iñaki G. Holgadok ilustratu duen Kulerozahar.
Krispeta hegalariak 6 urtetik gorako umeentzako Batela sailean argitaratu dute, eta amonaren etxean tarte bat igarotzen duen haur baten pasadizoak kontatzen ditu. Amonaren errezeta liburua baliatuta, krispeta hegalariak egitea erabakiko du.
Uxue Alberdik idatzi du Marizikina naiz, eta zer?, 8 urtetik gorakoentzako Eta zer? bilduman kaleratutako ipuina. Ane du protagonista eta amak beti esaten dio marizikin. Bai arrautza gorringoarekin zikintzen denean, bai soinekorik zikintzen ez duenean. Eider Eibarrek egin ditu ipuineko marrazkiak.
Azkenik, Xabier Mendigurenen Kulerozahar lana Kuku sailean argitaratu du Elkarrek —8 urtetik gorakoentzako bilduma da—. Marrazkiak Iñaki G. Holgadok egin ditu. Naroak, Lutxik eta Peruk ezin dute jasan ingeleseko irakasle berria, ikasleak arbelera atera eta barregarri uztea beste helbururik ez baitu. Baina hiru lagunek bilatuko dute irakasleari bere ordaina emateko modu bat.
Mendiguren, Suarez eta Alberdiren lan bana atera dute
Iñaki G. Holgadok, Enrique Morentek eta Eider Eibarrek egin dituzte ipuinetako ilustrazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu