Zaparrada bat egon zen iazko Azkena Rock jaialdiko lehen eguna hankaz gora jartzeko zorian. Bestelakoa izan zen atzo ekaitza. Metal soinuen erauntsi bat erori zen Mendizabalan. Ziur aski, jaialdiak inoiz izan duen jardunaldirik gogorrena, musikaren ikuspuntutik.
Enbataren erdigunean kokatu ziren Mastodon. Atlantako laukotea bigarren eguneko kartelburu izendatzeak bekain asko altxarazi zituen, baina agertoki nagusitik aldarrikatu zuten zergatik diren metal olatu berriaren erregeak. Sasoian eta ibilbidearen onenean dagoen taldea da Mastodon.
Abestietan pasarte lasaiak eta gordinak tartekatzen maisuak dira. Bereizgarri egin ditu, gainera, hiru ahots ezberdin erabiltzeak. Atzo, behintzat, Bran Daillor bateria joleak eta Troy Sanders baxu joleak maila oso ona eman zuten abesterakoan. Gutxiago, estuago, aritu zen Brent Hinds gitarra jolea.
Gasteizen erabat ilundu gabe zegoela atera zen laukotea oholtzara, gaueko hamarrak pasata. Atzean Once More 'round the sun azken diskoaren irudi handia eskegi zuten. Zale amorratuentzat hori izan zileteke kexa handiena. Emanaldi laburra izan zen – ordu eta hamar minutu – eta disko horren kantuak nagusitu ziren. Hori bai, High road bezalakoek jarri zuten publikoa erne.
Abesten eman ez zuena, gitarra jotzen erakutsi zuen Hindsek, eta aipatzekoa ere Daillorrek baterian egiten duen lan eskerga. Black Tongue abestian sekulako indarrez aritu zen taldea. Bukaera ere markakoa izan zen. Crack the Skye diskoak dituen haribitxietako bat da The Czar. Ia 11 minutuko abestitzarra da, haimaika erritmo aldaketarekin. Bi mastako gitarra eskuetan aritu zen Hinds, nekerik erakutsi gabe, kontzertuari merezitako bukaera gozoa emateko. Guzti horrekin barkatu ahal zaie oso non zeuden ez jakiteak - “Bilbao” oihukatu zioten jendeari -, ez dira ere horretan lehenak izan.
Ostiralean baino jende gutxiago gerturatu zen Mendizabalara bigarren egunean. Guztira, 12.426 ikusle, Last Tourreko enpresa antolatzailearen arabera. Giro beroa bezperakoa baino gozoagoa izateak jendea animatu zuen arratsaldeko emanaldietara, hori bai. Guztira, 26.000 ikusle izan ditu jaialdiak, bi egunak kontuan hartuta.
Rockaren jornalaria
Ez dira death eta ez dira metal, baina rock zitalaren eta dibertigarriaren ikur bihurtu dira Eagles of Death Metal. Bigarren eszenatokian aritu ziren, arratsaldeko eguzkia aurrez aurre gogotik ari zela. Ez zituen horrek kikildu. Rockaren jornalari handi bat da Jesse The Devil Hughes abeslaria, eta berriro erakutsi zuen kobratutakoa bikain bueltatzeko gai dela agertokitik.
Publikoarekin konektatzen dakien abeslaria da Hughes. Bereziki emakumeei eskaini zien emanaldia, eta era guztietako keinuak egin zituen. Musikaren aldetik, proiektuaren beste erdia falta zen – QOTSAko Josh Homme – baina ez zen nabaritu. Don't speak (I came to make a bang!) bigarren abestiak laster jarri zuen publikoa dantzan.
Rock zuzen eta artifizio handirik gabekoa da Eagles of Death Metalek eskaintzen duena. Laguntza ere izan zuten, Mastodoneko Brent Hinds agertokira igo baitzen gitarra jotzera I only want you kantuan. Speaking in tongues eta I want you so hard abestiekin borobildu zuten ondo izerditutako emanaldia.
Espazioan eta denboran jauzia
Gaueko emanaldietan zentzua hartu zuen bi eszenatoki aldi berean martxan izateko erabakiak. Hirugarren agertokian Reigning Soundek garage doinu sendoekin heldu zion kontzertuari, azken diskoan rock and roll klasikora gehiago hurbiltzen diren kantuak dituzten arren. Horien artean, North Cackalaky girl animatua.
Bitartean, bigarren eszenatokian Red Fang stoner eta sludge metal astuna astintzen ari zen. Bolumena sobera, baina soinu ona lortuta boteretsu aritu ziren Portlandekoak, Prehistoric dog bezalako abestietan. Bi eszenatokien artean distantzia fisikoa ez ezik, garaian ere jauzia zegoela zirudien, baita ere publikoaren itxurari erreparatuta.
Mastodonen ondotik, bidaia alderantziz. Bigarren eszenatokian soinu gogorren festak jarraitu zuen, Off! taldearekin. Hardcore bala azkarrak jaurtitzen dituen taldea da Off!. Musika bapatekoa eta zuzena da, berreitasun handirik gabekoa, baina taldea osatzen duten lau musikariek maila badutela ere ez du ezkutatzen, bereziki Mario Rubalcaba Earthless edo Hott Snakes taldeko bateriak. Keith Morris abeslaria gustura aritu zen ikusleekin hizketan, eta eskerrak eman zituen Euskal Herrian egoteagatik.
Hardcore eskaintza ez zen ikusle guztien gustuko, eta eskerrak hirugarren agertokian aldaketa erradikala martxan zegoela. John Paul Keith rock and roll klasikoaren klasikoena du. Knoxvillekoa, trajearekin eta gortabatarekin jantzita, Buddy Holly eta Beatles bezalako erreferentziak bere egin ditu. Itxura eta musika aldetik 1960ko hamarkadara jauzia izan zen, gitarra soinu oso dotore batekin jantzita. Mendizabalako ikusleak dantzan jartzea lortu zituen John Paul Keithek. Ondoren, argazki baterako paratzea eskatu zien ikusleei, "amari bidaltzeko".
Azken txanpa
Agertoki nagusia aurten ixteko aukera Ocean Colour Scene taldeak izan zuen. 1990eko hamarkadan euren tokia izan zuten Ingalaterrako musika eszenan, rockaren eta britpoparen artean. Steve Cradock gitara jole nagusia faltan izan zen, Paul Wellerrekin biran dagoelako. Gogotsu ekin zioten The Riverboat song ezagunarekin. Ondoren emanaldi gorabeheratsua eskaini zuten. Abesti lasai asko kateatuta ez zuten publikoa engantxatu, baina bai Hundred Mile High City bezalako klasikoekin. Ordutegia alde ez zuten izan.
Jaialdiaren azken txanpa bitan banatu zen berriro. Bigarren agertokian Kvelertak norvegiarren rock gogor eta gordinaren orena zen. Hirugarrenean, aldiz, David Eugene Edwardsen Wovenhand proiektuak hartu zuen oholtza. Ordu txikitan ikusi beharreko emanaldi horietako bat izan zen. Musika sakona, eta atmosfera iluna, noizean behin gitarrak gogotik askatzeko. Predikua ematen ariko balitz bezala aritu zen Edwards oholtzatik, keinuak etengabe egiten, trantzean dagoen tribu bateko xamana bailitzan. Salome edo My good shepard abestien tonu hipnotiko eta boteretsuak Wovenhanden soinua gaur egun zein den ongi laburbildu zuten. Akaso, bis bat merezi zuen kontzertuak, baina Edwards erreberendoak gauzak zeuden bezala uztea erabaki zuen. Amaitu da aurtengo Azkena Rock.