Abenduaren 24an argitaratu zen albiste batetik sortu zen Miss Bala egiteko lehen ideia. Pablo Cruz ekoizleak narkotrafikoarekin lotuta zegoen emakume baten istorioa irakurri eta Gerardo Naranjo zuzendariari deitu zion. Ordurako, hark ere irakurria zuen. Eta biak ados zeuden: hor bazen kontatzea merezi zuen istorio bat.
Berez, ez zuten narkotrafikoaren inguruko istorio bat egin nahi; errugabea den emakume batek giro horretan nola sartzen den agertzen duen istorio bat nahi zuten. Bide batez, gaur egungo Mexikoren ispilu zen film bat egin nahi zuten. Estatua ezin aurre eginez narkoen botere erabatekoari, eta testuinguru horretan zaila da haien atzaparretatik ihes egitea.
Horixe da, hain zuzen, Miss Bala-ko protagonistari gertatuko zaiona. Laurak edertasun lehiaketa batean aurkeztu behar du, haren lagun Suzuk hala nahi duelako. Lehiaketaren bezperan Suzu desagertuko da eta Laura haren bila abiatuko da. Bilaketa horretan, tabernazulo batean sartuko da eta han bizimodua betiko aldatuko dion zerbait gertatuko da. Laura lekuko bakarra dela, narko talde bat sartu eta triskantza eginen du bezeroen artean.
Hortik aurrera, Laurak ez du irtenbiderik. Narkoen eraginpean harrapatuta, Lino buruzagiaren aginduetara geldituko da. Inozentzia guztiz galdu gabe, Laurak mundu izugarri ankerra ezagutuko du.
Harrera ona izan du Gerardo Naranjoren drama gordin eta errealista honek. Cannesko iazko zinemaldian aurkeztu zuten, eta, horren ostean, iazko Donostiako Zinemaldian ere ikusteko aukera izan zen, Zabaltegi sailean.
'MISS BALA'
Zuzendaria: Gerardo Naranjo.
Aktoreak: Stephanie Sigman, Noe Hernandez, Irene Azuela, James Russo, Jose Yenque.
Herrialdea: Mexiko.
Urtea: 2011.
Iraupena: 113 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Mexikoko alderdirik ilunena
'Miss Bala' filmean, narkotrafikoak herrialde hartan betetzen duen zeregin garrantzitsua agertu nahi izan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu