Literatura

Miaketa baten ondorioa den poesia lana kaleratu du Pako Aristik

Arrotz eta eder poemategian bere herentzia kulturala suntsitu edo gainditu duen pertsona baten bidea erakutsi du idazleak.

Pako Aristi, orain bi urte egindako aurkezpen batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
mikel lizarralde
2016ko maiatzaren 19a
15:21
Entzun

Bosgarren olerki liburua du Arrotz eta ederPako Aristik (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1963), eta, Gorka Arrese Susa argitaletxeko editorearen arabera, haren "liburu onena" da. Gabriel Arestik esaten zuen bezala, "euskara klarua" darabil Aristik bere azkeneko lanean, Arreseren hitzetan. "Zuzen esaten du, asko poetizatu gabe, irudi behartutetatik urruti".

Arrotz eta eder zazpi ataletan dago banatua; Aristik berak gaur goizean egindako aurkezpenean azaldu duenez, Grezia klasikoari nolabaiteko aipamena eginez: "Grezia klasikoan zazpi urte iraurten zuten zazpi alditan banatzen zen bizitza". Liburua ez dago kronologikoki banatua bizitzaren sasoiak kontuan izanda, baina bertan bildutako poema askok egiten diote erreferentzia bizitzako sasoiei: jaiotza, haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa, zahartzaroa, heriotza... eta gaiak ere ugariak dira: eskola, amodioa, sexua, lana, kartzelaldiak, tortura... "Galdera existentzialak eta itaun xeheak egiten ditu", zehaztu du Arresek.

Poemek gai asko landu arren, liburuak berak "bere buruaren bila" abiatu den norbait du abiapuntu Aristiren esanetan. Jaso duen kultur herentziari, eredu sozialari, aurre egin eta beste bat bilatzen duena: "Esan digute txikitatik zer dagoen ondo eta gaizki. Zama bat bota digute gainera. Baina iristen da hausturaren momentu bat". Alde horretatik, "miaketa baten ondorioa" dira poemak, Aristik berak azaldu duenez.

Liburua Literaturia jaialdian aurkeztuko du Zarautzen, larunbatean; eta uztailaren 16an errezitaldia egingo du Eako Poesia Egunetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.