Ricardo Darin aktore argentinarra izango da sail ofizialeko epaimahaiburua, Latinoamerikako Kulturen Miarritzeko Jaialdiaren 20. ekitaldian, irailaren 26tik urriaren 2ra. Ohi bezala, dokumentalek tarte garrantzitsua izango dute: hamabost lehiatuko dira; fikziozkoak, berriz, hamar izango dira.
Azken horietatik, bost film hautatu dituzte oraingoz: Pablo Giorgelliren Las acacias (Argentina), Paula Marcovitchen El premio (Mexiko-Argentina); Gerardo Chijona Valdesen Boleto al paraíso (Cuba), Alejandro Landesen Porfirio (Kolonbia) eta Alvaro Curiel de Icazaren Acorazado (Mexiko-Kuba). Lehen hirurak Cannes, Berlinale eta Sundanceko jaialdietan saritu dituzte, hurrenez hurren.
Dokumentalei dagokienez,tokian tokiko arazoak jorratzen dituzte. El tren de las moscas (Fernando Lopez Castillo) eta Maria en tierra de nadie (Marcela Zamora) mexikarrak, adibidez, AEBetara igaro nahi duten etorkinei buruzkoak dira. Komunitate indigenen borrokak ere azaltzen dira,Felipe Peres Calheirosen Acerca da cana Brasilgo lanean eta Juan Manuel Sepulvedaren Extraño rumor de la tierra cuando se abre un surco Guatemalakoan.
Film emanaldiez gain, kontzertuak, solasaldi literarioak eta erakusketa bat ere antolatuko dituzte Miarritzen.
Miarritzeko jaialdiak Ricardo Darin izango du epaimahaiburu
Latinoamerikako 10 fikziozko film eta 15 dokumental lehiatuko dira, irailaren 26tik urriaren 2ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu