Mintzatu baino gehiago egin dute funtsean, Miarritzeko Udalak Miarritze bertsotan izeneko hiru urteko egitasmoa izenpetu berri baitu Bertsularien Lagunekin. Horren bidez, Miarritzen heldu diren hiru urteetan bederen urtero bertso jarduera bat antolatzera engaiatu dira biak, eta Herriko Etxeak diruz lagunduko luke. Heldu den ekainaren 2an iraganen denBertsulari Ttiki eguna bezala, ondoko urteetan beste gisa bateko ekimenak pentsatuko dituzte, izan dadin bertso saio, ikastaro edota erakusketa, besteak beste.
Grenadek Miarritzeko hiriak eramaten duen politika kulturalean bertsolaritza sartzeko arrazoiak zehaztean, elkarteak eta Seaskak gazteekin eramaten duten lana goraipatu zuen, bertsoak «haurraren garapenerako» daukan lekua azpimarratuz.
PILOTA, BOTERE PUBLIKOEN ESKU. Miarritzek egin urrats hau beste batzuek ere egitea nahiko luke orain elkarteak: «Espero dezagun hitzarmen hau hastapen bat izatea eta udal gehiagok bide berari jarraitzea», zioen Arzallusek. Bertso jarduerak herrietan gaindi biderkatzeko xedez, herrietako elkarteekin harremanetan jartzea lortu nahiko luke justuki elkarteak. Horregatik, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bertsolaritzaren sustapenaren parte bat bere gain hartu behar lukeela nabarmendu zuen Arzallusek, Herriko Etxeek ere herrian herriko errealitateari ihardetsi behar luketelarik. Miarritzez gain, Urruñako Udalak ere erakutsi berri du bertsoarekiko lotura, Errexil eguna kari.
Bertsulari Ttiki eguna Miarritzen ekainaren 2an
Miarritze hiriarekin abiatu partaidetzaren lehen oihartzuna izanen da heldu den ekainaren 2an Agilerako Jai Alaian antolatuko duten Bertsulari Ttiki eguna. Seaskak eta Bertsularien Lagunak elkarteak elkarlanean eraman duten proiektua da.
10:00etan hasiko dira, Iparraldeko bertsolari gazteen XIII. txapelgoko finalarekin. Hendaian, Garazin eta Kanbon bururatu berri diren kanporaketetatik jalgi 10 eta 14 urte arteko lau hirukote lehiatzekoak dira bertan. Orotara 39 gaztek osatu 11 taldek parte hartu dute txapelgoan. Helburua bertso eskoletan diren gazteen arteko trukaketa bat sortzea dute. Finaletik landa, ikastoletako bertsopaperen irabazlea iragarriko dute. Arratsaldean, euskal indar jokoak eta bertsoa uztatuko dituzte, Bertso-Xibaren bitartez.