DONOSTIA ZINEMALDIA

Michel Gaztanbidek jasoko du aurten Zinemira saria

Antxon Ezeiza zinemagilea omenduko du Donostia Zinemaldiko Zinemira sailak. Euskal Herrian ekoitzitako zortzi film luze aurkeztuko dituzte bertan.

2012ko abuztuaren 29a
19:02
Entzun

Donostia Zinemaldiaren 60. urteurreneko Zinemira saria Michel Gaztanbide gidoilariak (Vaucluse, 1959) jasoko du. Hala, Zinemaldiak aintzat hartuko du gidoilari horrek urteetan hainbat filmetan egindako lana. Euskal Herrian ekoitzitako zortzi film luze ikusi ahal izango dira aurten Zinemiran. Bi ataletan banatuko dira emanaldiak: Estreinaldiak atalean sei film estreinatuko dira, eta Panorama izenekoan aurten ekoitzitako bi film emango dituzte.

Irailaren 23an emango diote Zinemira saria Gaztanbideri, Bataplan dantzalekuan egingo den Euskal Zinemaren Festaren barruan. Gaztanbideri, hala, aintzat hartuko diote Julio Medemen Vacas (1992) eta Enrique Urbizuren La caja507 (2002)  edo No habrá paz para los malvados (2011) filmen gidoietan egindako lana. Baztan filmeko gidoia du azken lana, eta Zabaltegi Bereziak sailean aurkeztuko du, hain zuzen.

Era berean, aurtengo Zinemirak Antxon Ezeiza omenduko du, iaz hil zen zinemagile gipuzkoarra (Donostia, 1935) . Espainiako Zinema Berri izendatu den mugimenduko kide garrantzitsuentzat jo izan dute, eta lan oso ezagunak egin ditu; besteak beste, El último encuentro (1967), De cuerpo presente (1967) eta Las secretas intenciones (1970). Zinemaldiko lantaldean ere izan da urte askoan.

Euskal Herrian ekoitzitako lan luze onenari Zerbitzu Saria emango dio antolakuntzak. 20.000 euroko sari horrek euskal kultura eta zineman industria garatzen laguntzea du helburu.

Halaber, Kimuak programan hautatutako zazpi film labur ere ikusi ahal izango dira Zinemira sailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.