Espero zen bezala, Kobetasonik jaialdiaren bigarren egunak aurreko marka altxatu zuen: 29.000 lagun hurbildu ziren Kiss eta gainontzekoak ikustera. Giro berezia zegoen goizetik: Kiss-en moduko aurpegi pintatuak ikusten ziren eta arratsaldean zehar kopurua biderkatu zen. Bigarren egun honetan atzerapena sortu zen bigarren agertokian (30-45 minutukoak) eta eguna amaitu arte, goizeko laurak arte, mantendu zen. Gehienak New Yorkeko laukotea ikustera etorriak ziren eta beste gauzek ez zuten inporta.
Gaueko ordu bat eta 12 minutuetan agertu ziren Paul Stanley, Gene Simmons, Tommy Thayer eta Eric Singer, edo, nahiago izanez gero, Izarretako Mutila, Deabrua, Espazio-Batekoa eta Katu-Gizona. «Alright Bilbao» batez agertu ziren, lurretik sei edo zazpi metrotara, oholtza baten gainean. Sugarren artean hasi ziren, entzule guztiak oihuka eta argazkiak ateraz. Badaezpada Bilboko suhiltzaileak erne zeuden agertokitik hurbil. Hamar urte daramate disko berririk sortu gabe; badakite entzuleek betiko kantuak entzun nahi dituztela: Deuce, Shout out loud, C'mon and love, Lick it up, Calling Dr. Love, Let me go rock'n'roll... Gene Simmons mihiluzea izan zen kantari nagusia, Tommy bateria jotzaileak (Shock me) eta Eric gitarristak (Black diamond) kantatzeko aukera ere izan zuten. Leherketak, sugarrak, odola edo sua ahotik, kable batetik zintzilikatzea eta hegaldiren bat sakabanatu ziren hamazazpi kantuetan zehar. Azken atalerako utzi zituzten Detroit Rock City, Shandi, I was made for lovin' you eta, nola ez, Rock and roll all nite. Su artifizialekin amaitu zen ekitaldia. Ondoren Saxon talde britainiarrari egokitu zitzaion agurra.
Besteak
Denetarik ikusi zen bigarren egun luze honetan: 13 kontzertu, 14 ordu. Oñatiko Latzen-ek oso erantzun ederra lortu zuen (Ze ingo xu?, Laztana, Lurra odolean) oso goiz jo arren. Suediako Arch Enemy-k primerako lana egin zuen death metal melodikoan emakumezko kantariari esker. Tesla, hard rockean (Cumin' atcha live, Walk away) eta Europe (Rock the night, The final countdown) dotore, xarmangarri eta eraginkor agertu ziren. Michael Schenker Group, gitarraren soloetan, Dio klasikoetan (Rainbow in the dark, Don't talk to stranger, Long live rock and roll) eta Saxon (Never surrender, Wheels of steel, Princess of the night) beren lurraldeetan mugitu ziren erraz. Primeran ere Blind Guardian, germaniarrek oso kontzertu sendoa burutu zuten, kantu nabarmenekin (Into the Storm, Nightfall, And Then There Was Silence, This Will Never End). Makalago ibili ziren Brujeria taldekoak; gaztelaniaz kantatu arren hitzak ez ziren ongi ulertzen, leloetan salbu. Beraz, egun biribila izan zen heavy metal eta inguruko estilo guztien jarraitzaileentzat.
Mihiluze, Katu-Gizona eta abarrak
Bukatu da lehenengo Kobetasonik jaialdia. Bigarren egunean Kiss taldekoak izan dira protagonista ia bakarrak, nahiz eta, besteak beste, Blind, Guardian eta Europe taldeak ere aritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu