Mikel Laboa abeslariaren (Donostia; 1934-2008) bizitza eta obra biltzen duen DVDa aurkeztu dute, gaur. Marisol Bastida Laboaren emazteak zuzendu du haren bizitzaren bilduma.
2008ko urrian ekin zitzaion abeslariaren inguruko obra hori prestatzeari. Laboak eta Bastidak ekin zioten lanari, baina abeslaria abenduaren 1ean hil zen. Orduan, Laboaren emazteak jarraitu zuen haren bizitza eta musika ibilbidearen isla den bilduma prestatzen.
Ordu eta berrogei minutuko iraupena du DVDak eta bi ataletan banatuta dago. Lehenengo zatian Laboa bere bizitza eta egindako lanei buruz mintzatzen da. 1978. urtean Herri Irratian abeslariari egindako elkarrizketa batzuetan oinarrituta dago. Bigarren atalean, berriz, Laboaren gertukoek hari buruz hitz egiten dute. Josetxo Silgerok eta Iñaki Salvadorrek, besteak beste.
Bideo horretan musikak eta Laboaren irudiek garrantzi handia dute. Argazki horiei doinua Ruper Ordorika, Anari, Karlos Osinaga, Koldobika Jauregi, Xabier Montoia, Quico Pi de la Serra, Lluis Llach eta Raimon musikariek jarri diote.
DVDarekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiak Mikel Laboari urrezko domina eman zion ekitaldian eskainitako kontzertua dator CD batean bilduta. Ekitaldi horretan Bernardo Atxaga idazleak Laboari idatzitako Beti lagun poema bildu dute. Laboaren bizitzaren eta obraren kronologia laburbiltzen duen liburuxka ere eskaintzen da DVDarekin batera.
musika
Mikel Laboa zenaren bizitza eta lana biltzen duen DVDa aurkeztu dute
2008ko urrian Laboak eta Marisol Bastida haren emazteak ekin zioten obra prestatzeari. Urte horretako abenduan abeslaria hil zen, eta orduan Bastidak jarraitu zuen Laboaren bizitzaren bildumarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu