Mari Sol Bastidak Mikel Laboaren alboan pasatu zuen bizitza, eta orain musikariarekin bizitako bizipen horiek guztiak argitaratu ditu. Gazteleraz idatzi du jatorrizko liburua, eta Koro Navarrok itzuli du euskarara. Mikel Laboa Katedraren bitartez egin dute itzulpena. Ibilbide kronologiko bat da liburua; nerabezaroan Bastidak Laboa ezagutu zuenetik musikaria hil zen artekoa. "Datu zehatzak eta gertuko lekokutzak daude, baina baita Donostiako historia eta Euskal Herriko historia ere", adierazi du Antxiñe Mendizabal liburuaren editoreak, aurkezpenean. Gaineratu du aldi berean Bastidaren ikuspegiaren erretratu bat ere badela lana: "Maitasunetik, emozioetatik eta mirespenetik idatzita dago".
Liburua idazteko bi arrazoi izan dituela esan du Bastidak. Bata historia ezagutaraztea izan da. "Gizarte ororen iragana oso garrantzitsua da, eta historia hori ezagutarazteko nire ekarpena da honakoa". Bestea, pertsonalagoa. Memoria hauek idazten oso ongi pasatu duela aitortu du Bastidak. "Irakurtzen ditudanean iruditzen zait bizi izandakoa berriz bizitzen ari naizela", esan du hunkituta. 60ko hamarkada hasieran Laboaren dokumentuak gordetzen hasi zela azaldu du. Lehenengo dokumentu horien artean zegoen, esaterako, Laboak oraindik Medikuntzako ikasle zela Zaragozan atera zuen agiri bat —zirkoko artistarena—. Agiri horrek publikoan kantatzeko aukera ematen zuen, garai hartan. Ondorengo hamarkadetan ere jarraitu zuen dokumentuak biltzen, tartean zeuden kritika eta hainbat grabazio ere. Eta 80ko hamarkadatik aurrera, Laboak ematen zituen kontzertu guztietako oharrak hartzen hasi zen Bastida. "Mikelek nire proiektuarekin jarraitzera animatzen ninduen". Duela lau urte hasi zen memoriak idazten, bildutako dokumentu guztiak erredaktatzen.
Juan Kruz Igerabide idazle eta Mikel Laboa Katedraren zuzendariak esan du katedra martxan jarri eta gutxira iritsi zitzaiola testua, eta berehala harrapatu ziola. "Dokumentu historiko bat da, eta idazkeraren estilo xalo eta xumea aipatzekoak dira".