Marijaiaren etorrerarekin batera zabalduko zutela iragarri zuten, eta azken egunak gogotik lan egin ostean, heldu den astelehenean irekiko dituzte P6 Pabellon Seis aretoko ateak jendearentzat, Aste Nagusi bete-betean. Etzi, ordea, hedabideentzako aurkezpen ekitaldia egingo dute, eta Maribi Bilbao aktoreak moztuko du xingola. Arte eszenikoetako profesionalek ez dute gehiago itxaron nahi. Urte askoan «umezurtz» egon direla diote, antzoki edota produkzio gune zehatz batekin inongo loturarik ez dutela izan,Ramon Barea ekimenaren sustatzaileetako batek dioenez. Eta antzokia haiek irekitzea erabaki dute. Bilboko ZAWPeko gune batean atondu dute P6, Deustuko Erriberan. Soslai erabat desberdineko hamahiru sortzailek osatzen dute P6ko talde eragilea. Eta irekiera asterako ondu duten egitaraua ere halakoxea da, askotarikoa eta zabala.
Hiruzpalau emanaldi egingo dituzte egunero, hilaren 22tik 28ra. Antonio Alamoren Cantando bajo las balas izango da lan nagusia. Alvaro Lavinek zuzendua da, eta Adolfo Fernandezek interpretatuko du. 1936ko urriaren 12an jazotako historiako lehen ekitaldi frankistaren kronika egiten du antzezlanak. Cantando bajo las balas-en aurretik, Matxalen Bilbaok eta Blanca Arrietak In situ dantza garaikideko pieza emango dute, Jose Urrejolaren musikarekin.
Ondoren egingo dituzte gaueko saioak, 23:00etan. Miren Gaztañagak identitateari eta generoari loturiko lana aurkeztuko du, dantza eta antzerkia uztartuz: Stereo.
Aspaldiko lanak berreskuratzea da P6ren helburuetako bat, hots, konpainien errepertorioko lanak aurkeztea, Administrazioaren diru laguntzen edota txarteldegi sistemaren ondorioz, lan batzuk ikusteko aukera urria izan dela uste baitute sustatzaileek. Asmo horri segituz eskainiko dute Mikel Martinezenen Izarretako bitakora bakarrizketa. Karlos Panera zuzendari zela, 1999an estreinatu zuen Martinezek lan hura, Maskaradarekin.
Stanislaw Lem idazle poloniarraren zientzia fikziozko testu komikoetan oinarritutako lana da, Ion Tichy kosmonautaren arazo domestikoak azaltzen dituena. Horretaz gain, Gurutze Beitia eta Jose Luis Canal elkarrekin ariko dira P6n, A solas con... lanean. Enriqueta Vegak eta Maria Urzelaik El feeling es así eskainiko dute. Eta Felipe Lozak El gilipollas «komedia metafisikoa» emango du.
Sarrerak txarteldegian erosi ahal izango dira, baina aurrez gorde nahi dituenak telefonoz izango du hartarako aukera, 639-76 67 20 zenbakira deituta. Emanaldiak hasi baino ordubete arinago irekiko dute P6, 19:30 aldean. Eta taberna zerbitzua eskainiko dute, proiektuari buruzko informazioa banatzeaz bat. Bazkideak egiteko baliatu nahi dute astea, baita orain arte egindakoekin aurrez aurreko harremana izateko ere. Dena ondo bidean, urrian ekingo diote P6ren ibilbide egonkorrari. «Beste logika bati jarraituko diogu», nabarmendu du Bareak. «Lanak aste batzuez ematea da gure asmoa, bide bat egiteko aukera izan dezaten, eta jendeak ikustera etortzeko astia izan dezan».
Mikel Martinezen 'Izarretako bitakora' berreskuratuko du P6 aretoak irekiera astean
Arte eszenikoetako profesionalek Bilbon kudeatuko duten gunea astelehenean zabalduko dute, egitarau jori batez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu