Bertsolaritza oso gertutik ezagutu zuen Koldo Mitxelenak haurtzaroan. Bertsolaritza, Errenterian, «oso onartua eta oso herrikoia» zen hura mutil koxkorra zenean, Mitxelenak berak Ibarzabalen liburuan kontatzen duenez. «Zalantzarik gabe, Xenpelarren oroitzapenak eragina izango zuen horretan. Txirritari buruz esango dizut pertsonaia guztiz arrunta zela; gizatiarregia akaso. Askotan ikusi dut eta benetan esaten dizut arlote demonio bat zela».
Ez dirudi zeregin horretan asko aritu zenik, baina gordetzen dira Koldo Mitxelenak jarritako bi bertso sorta gutxienez. Mikelazulo'ko Belea ezizenez sinatu zuen lehen sorta; bestea ez da berez bertso sorta bat, bederatzi puntuko bertso bakar bat baizik, Mitxelenak Mikelazuloko Kukua izeneko alegiazko bertsolari bati egotzia.
Mikelazulo'ko Belea ezizena 1940ko irailean erabili zuen Mitxelenak, Burgosko espetxean preso zela idatzi zuen bertso sorta bat sinatzeko: Bertso berriak Donostiarren garaipena dala-ta jarriak. Preso lagun batek jasotako bisitari esker Donostiako estropadak hiri bereko Amaikak Bat elkartearen traineruak irabazi zuela jakin zuenean idatzi zuen sorta hura, gertuko preso lagun batzuei eskaintzeko —Artzelus, Mendizabal, Iradi ta gañerako donostiar jaun agurgarriei, biotzez azpi-izenburu ironikoarekin—, donostiarren garaipenaz lagunarteko trufa egiteko asmoz, adieraziz horrelakorik gertatu izana ia miraria zela eta ez pentsatzeko berriz halakorik berriro ezagutuko zutenik puska batean.
Jorge Oteizari Egan aldizkarirako elkarrizketa egin zionean asmatu zuen Mitxelenak Mikelazuloko Kukua alegiazko bertsolaria, 1959an. Elkarrizketa idaztean, adierazi zuen Oteizarengana joan zenean Mikelazuloko Kukua izeneko bertsolari bat eraman zuela berarekin —Herriaren ordezkari moduko bat edo—, eta Oteizak esandakoez iritzia eskatu zionean bederatzi puntuko bertso hau bota ziola hark: «Oteitza asi zitzaigun / Bazterrak berritzen, / Burgesaren ideak / Gogor astintzen. / Zar-zalien ojuak / Eztute bildurtzen, / Arte-lanian daki / Aurrena ibiltzen: / Zuzenak okertzen, / Okerrak makurtzen, / Buruak urratzen, / Sabelak ustutzen, / Bederatzi puntuko / Piyurak sortzen».
Bihar: Vicente Ameztoi eta Etxe Ondo etxea
Mikelazuloko bertso jartzailea
Bere idazkietan bertso moldeak erabili zituen aldi bakanetan, Mitxelenak jaiotetxearen ondoko pasabidean oinarritutako ezizena erabili zuen: Mikelazulo'ko Belea izan zen 1940an, eta Mikelazuloko Kukua 1959an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu