Ipar Euskal Herriko euskarazko irratiak biltzen dituen federazioa da Euskal Irratiak, eta egitasmo berezi horrekin, federazioaren alde bildu nahi ditu musikariak. Euskal rockeko hainbat kantu eskainiko dituzte taula gainean, izan ere, egitasmoaren helburua ere bada musika estilo horri omenaldia egitea. Gainera, epe luzeko proiektua izanda, asmoa da Euskal Herriko lurralde guztietako musikarien arteko sarea osatzea.
Hain justu, ekainaren 30ean jarri dute lehen hitzordua. Urtero antolatzen dute garai horretan EHZ jaialdia, baina antolakuntzako kideek duela hilabete jakinarazi zuten aurten ez zutela ohiko egitaraua prestatuko. Euskal Irratiekin elkarlanean, ordea, Esker1000egitasmoko lehen jardunaldia antolatu dute: ElgarRock jaialdia.
2019rako finkatu dute desafio handia: 11 rock abesti interpretatuko dituzte 1000 musikarik aldi berean. Oraindik, ordea, ez dute eguna eta lekua finkatu. 2020rako ere badute proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa: diasporan landu nahi dute egitasmoa.
Parte hartzerako deia
Antolakuntzako kideek jakinarazi dute musikarien bila dabiltzala dagoeneko. Azaldu dute ez dela beharrezkoa musikari profesionala izatea. Baxu jotzaileak, bateria jotzaileak, gitarristak eta abeslariak bildu nahi dituzte ekitaldirako, eta eskatu dute hainbat belaunalditako kideak elkartzeko. Sarean jarri dute izen emateko eskuorria. Guztia aurrera eramateko "Guru" taldea arduratuko da atal teknikoaz; horiek egingo dituzte abestientzako beharrezko moldaketak.
Bestalde, jakinarazi dute egun osoko egitarauak antolatzen ari badira ere, urte osoan zehar jarraituko dutela egitasmoa hauspotzen. Horretarako, ekitaldiak eta hitzorduak iragarri dituzte. Bi urtez arituko dira Euskal Irratiak proiektua aurrera eramaten, eta hiru helburu nagusi lortzea espero dute: hainbat belaunalditako musikariak biltzea, Euskal Herriko lurralde guztietako kideak erakartzea, eta publiko ahalik eta zabalenera heltzea.