Donostiako 46. Jazzaldia

Miles Davis eta John Coltrane «guruak» oroitu ditu John McLaughlinek

Tronpetistarekin ametsetan hitz egiten du, eta saxofoi jotzaileari 'To The One' diskoa eskaini zion iaz

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Miles Davis eta John Coltrane bere «guruak» ekarri zituen gogora John McLaughlin gitarristak (Doncaster, Erresuma Batua, 1942) atzo eguerdian Donostian, iluntzeko emanaldia aurkezteko egin zuen agerraldian. Hil zenetik 20 urte igaro badira ere, Miles Davisekin ametsak izaten dituela eta harekin ametsetan hitz egiten duela esan zuen. «Ez da harritzekoa. Norbait maite baldin baduzu, harekin amets egiten duzu. Maitasun kontu bat da, azken batean. 15 edo 16 urte nituenetik maite izan dut, eta gainera berarekin jotzeko aukera eman zidan, lehenego aldiz 1969an, eta azkena 1991n, hil baino pixka bat lehenago».

John Coltrane, berriz, ez zuen inoiz ikusi, ezta zuzeneko emanaldi batean ere, baina horrek ez dio eragotzi harekin «konexioa» izatea. «Musika entzutea oso ekintza intimoa da. Coltrane hil zenean, 1967an, autobus batean jaso nuen berria, aurrean zegoen bidaiari batek zabaldutako egunkarian irakurrita, eta sekulako kolpea izan zen niretzat, nahiz eta harekin inoiz ez egon. Asko kosta zitzaidan gainditzea. Zergatik?»

Laugarren dimentsioaz

The 4th Dimension taldearekin aritu zen McLaughlin, hots, Gary Husband teklista eta bateria jotzailearekin, Ranjit Barot bateria jotzailearekin eta Etienne Mbappe baxu jotzailearekin. Husband ingelesa da; Barot, berriz, Indiakoa, eta Mbappe, Kamerungoa. Atzo azaldu zuenez, McLaughlinek ez du horiengana jo taldeari kutsu multikulturalista emateagatik, musikari onak direlako baizik. «Laugarren dimentsioa denbora da», McLaughlinen hitzetan. «Musikak denborarekin egiten du lana».

To The One diskoa kaleratu zuten iaz John McLaughlinek eta The 4th Dimensionek, John Coltraneri eskainia. Diskoko kantuak hiru astetan sortu zituen gitarrista musikagileak. Ohi bezala, musika sortzera eseri gabe, musikari berarengana etortzen utzi zion orduan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.