Lagunak hiltzen ikusi, eta horren aurka egitea erabaki zuen Kirmen Uribe idazleak. “Ez nuen lagun gehiago hiltzen ikusi nahi. Nik lagunekin egon egin nahi nuen”. Joxan Lizarribar BERRIA egunkariko presidentea hil zenean sentitutakoaz ari da idazlea. Eta hiletan bertan aipatu zion sentsazio hori Mikel Urdangarin musikariari. Sentimendu hori izan da hazia. Horregatik elkartu zuten berriz ere boskotea. Lizarribarrek lagundu zituen aurrez Zaharregia, txikiegia agian ikuskizunarekin, eta haren faltak elkartu ditu berriz. Hamar urte pasa eta gero, bost sortzaile berak: Uribe, Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde margolaria. Hala sortu dute Jainko txiki eta jostalari hura. Ikuskizun modura bitan jokatua dute jadanik, eta Bilbon egin dute disko-liburuaren aurkezpena gaur.
Anne Carson poeta kanadiarraren hitzak erabili ditu Uribek diskoko hitzak azaltzeko. “Hark esaten du hitzak balio dezakeela bizitzako nekeak eramangarriago bihurtzeko, baina baita zauriak azaltzeko ere. Alegia, izan daitezkeela sendarri eta mingarri”. Eta Uriberen hitzetan, bi ildoak hartzen ditu Jainko txiki eta jostalari hura lanak. “Alde batetik badago mina. Euskal tradizioan pisu handia dute heresiek, eta liburu honetan badaude bi halako, galdutako lagunei idatzitakoak. Eta, beste alde batetik badago sendabide hori ere, umorea eta ironiaren bitartez”.
Bi adibide aipatu ditu, gainera. Hitzaren alderdi sendagarriari dagokiona da bata: Don Juanen bertsoak izeneko poema. Eta hitzaren alde mingarriari buruzkoa bestea: Gutariko bakoitza poema. “Horretan hitz egiten da era guztietako biktimei buruz. Gaur egungoez, eta iraganekoez. Min hori oso zolia da, baina irtenbide bat ere ematen du letrak, eta irtenbide hori, azkenean, da oroimena”.
Hitzen musika
Errimatutako eta neurtutako poemak ere badaude diskoan. Hori izan da beste aldaketetariko bat. "Nik lehen uste nuen errima eta neurriarena kartzela bat zela”, aitortu du Uribek. “Baina gaur egun pentsatzen dut oso tresna ederra dela. Errimak eta neurriak sortu egiten dute poema. Ez da kartzela, da bide bat, eta hor ez dakizu zer gertatuko den". Eta hala sortu ditu horregatik disko-libururako poema batzuk. Errimatuta eta neurtuta. Eta hain zuzen ere, hitzen musikaltasunaz aritu da Uribe horregatik. "Poemak sortzen dira musikatik, eta baita prosa ere. Prosa batek kale egiten duenean askotan izaten da musikarik ez duelako barruan".
Musikariak pozik emaitzarekin. Diotenez, aurreko lanak baino musikalagoa atera zaie hau. Ikuskizunak kontzertu baten gisakoa dela dio Urdangarinek. adibidez. "Zaharregia, txikiegia agian egin genuenean, zuzenekoetan hiru musikari ginen eta poeta bat. Orain lau musikari gara. Talde kontzeptua indartu egin da”. Bar Puerto ikuskizunarekin gogoratu da Mendizabal. Uriberen poemak eta Urdangarin eta bere abestiak uztartu zituzten orduan. Oraingoa musikalki “osoagoa” dela dio. “Kantak hobeki egiten ikasi dugu. Poemek eta musikak batasuna bazuten lehengoan ere, baina oraingoan lotua hori indartsuagoa da. Eta beharrezko ez ziren elementuak ezabatu egin ditugu”. Eta ildo beretik Rueda ere. “Aurreko lana baino osoagoa da hau, eta produkzio aldetik jantziagoa”. Bilboko Koba estudiotan egin dituzte grabazioak, eta Xanpe izan dute teknikari lanetan.
Misterioaren alde
Mikel Valverdek egin ditu disko-liburuko ilustrazioak. “Libre aritu naiz”, dio. “Saiatu naiz erritmo bisual bat sortzen”. Hitzak abiapuntu hartuta, baina beste zerbait ere erakutsiz. Eta poesiari buruzko gogoeta bat berriz Uribek. Mark Strand idazlearen hitzak abiapuntu hartuta oraingoan. “Nobelak bilatzendu egiazkotasuna, baina poesiak ez du hori bilatzen. Hori dio Strandek. Poesia behar horretatik libre dago. Poesiak bilatzen du misterioa. Poema batean ez da dena azaltzen, eta eskerrak! Eta horrek lotzen du pinturarekin eta musikarekin. Poesiak galderak bilatzen ditu. Eta lan honetan gauza asko daude irakurleak berak atera behar dituenak".
Ondarroan egin zuten aurre estreinaldia Marabilli festibalean, eta New Yorken egin dute estreinaldia. Esperientziarekin pozik daude sortzaileak. Urdangarin: “Jende asko bertaratu zen emanaldira, eta oso harrera beroa izan genuen. Gainera, euskaraz abestea beti da hunkigarria, baina are gehiago hemendik hainbeste kilometrora”.
Zuzenekoak
Hurrengo emanaldien datak ere aurreratu dituzte. Abenduaren 14an Gasteizen izango dira, Artium museoan. 2014Ko otsailean Mungian (Bizkaia). Martxoaren 22an Durangon (Bizkaia). Eta maiatzan Bilbon (Bizkaia).