Bihar hasita, hogeita batgarren denboraldia izango dute aurten Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo Matineek. Guztira, 16 emanaldi izango dira, denak Musika irekia. Tradiziora berrikuntzaren bidetik goiburuarekin uztartuta. Emanaldi horietatik 11 orkestrako musikariek osatutako taldeek egingo dituzte, eta gainerako bostetan orkestratik kanpoko musikariak dira aritzekoak.
Ohi bezala, orkestra bera eta orkestrako musikariak «bestelako formatu batean, formatu ez-sinfoniko batean» ikusteko eta entzuteko aukera eskainiko dute, «orkestra batek eskaini ohi duenaren aldean guztiz bestelakoa den errepertorio batekin», Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari nagusiak azaldu duenez. «Matineen protagonistak EOSeko musikariak dira», Alberdiren iritziz, eta egiten diren proposamenek «balio erantsi garrantzitsu bat» dute: «orkestrako musikariek eurek egindako proposamenak izatearena».
Jesus Aranbarri, Francisco Madina, Gaetano Donizetti, Ludwig von Beethoven, Wolfgang Amadeus Mozart, Claude Debussy, Christian Lindberg, Francisco Escudero eta Grazyna Bacewiczmusikagileen obrak entzuteko aukera izango da, besteak beste. Ariko diren musikagileen artean, berriz, Iñaki Fresan, Olatz Saitua, Martin Frost eta Asier Polo daude, Sigma Project eta Ensemble Diatessaron bezalako ganbera-talde ezagunez gain.
EOSek Donostiako Miramon pasealekuan duen egoitza nagusian izango dira emanaldi guztiak, larunbatetan, 11:00etan hasita. Lehena urriaren 6an eta azkena 2013ko ekainaren 15ean. Sarrerak atzodanik daude salgai: zazpi euro kontzertu bakoitzeko eta 76,5 euro saio guztietarako abonamendua. Abonamendua dutenentzat doako autobus zerbitzua izango da, kontzertua baino 35 minutu lehenago, Donostiako Gipuzkoa plazatik irtenda.
Mende hasierako kafetegiak
Biharko matinean, Lauder Ensemble taldeak XX. mendearen hasieran Bilboko Trueba kafetegian egiten ziren formatu txikiko saioetan entzun ohi zen musika eskainiko du, Truebako boskoteari omenaldia izenburuko saioan. Musikari dagokionez, konpositoreen belaunaldi berri baten obraren zabalkunderako plataforma bilakatu ziren Bilboko Trueba eta Donostiako Cafe de La Marina kafetegiak. Musikagile horien artean bihar Miramonen entzungai izango diren obra batzuen hiru egileak daude: Jesus Aranbarri, Antonio Gorostiaga eta Pablo Sorozabal. Egitaraua Aranbarrik moldatutako Marice Ravel eta Anatoli Liadov-en lanekin osatuko da.
Lauder Ensemble honako musikari hauek osatzen dute: Itziar Prieto eta Oscar Lopez biolin jotzaileek, Pascal Arnaud biola jotzaileak, Jon Larraz biolontxelo jotzaileak, Victor Bogdanov kontrabaxu jotzaileak eta Javier Perez de Azpeitia piano jotzaileak. Prieto, Lopez, Arnaud, Larraz eta Bogdanov Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak dira; Perez de Azpeitia, berriz, EOSen ohiko laguntzailea.
Miramongo Matineak, tradizioa berrituz indartzen
Bihar hasita, 16 saio egingo dira aurtengo denboraldian, horietako 11 EOSeko musikariek osatutako taldeekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu