111 Akademiako kideek hautatu eta izendatuta, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat (Susa) eleberriak jasoko du 2013ko liburu onenaren saria. Azkeneko bozketan Aingeru Epaltzaren 'Gure Jerusalem galdua' (Elkar) nobelari gailendu zaio Meaberen liburua, hamahiru botoren aldearekin.
Hiru bozketa txandatan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 4ra bitartean. Lehenengo txandan, 2013an gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zieten 193 akademiakideei, eta lehen txanda hartan saridunik izendatzeko behar zen botoen %30 lortu zuen obrarik egon ez zenez, beste bi bozketa txanda egin dira.
Maiatzaren 8an egingo da 111 Akademiaren saria banatzeko ekitaldia, Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean (Gipuzkoa), 19:30ean.
Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabek adierazi duenez.