Literatura

Miren Gorrotxategik irabazi du Agustin Zubikarai beka

Baserri munduan girotuta '33 ezkil' izeneko thriller proiektua hautatu du epaimahaiak garaile. Urte bete izango du idazleak eleberria idazteko.

Miren Gorrotxategi. BERRIA
Inigo Astiz
2015eko urriaren 30a
12:51
Entzun

Aitzurrean dabil Fermin baserrian eta burezur bat topatuko du lurpean. Gertakari horrekin abiatzen da Miren Gorrotxategik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) idatzi asmo duen “33 ezkil” eleberria. Orotara 13 lan aurkeztu dira Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Agustin Zubikarai beka deialdira, eta Gorrotxategirena hautatu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiak. Thriller bat izango dela aurreratu du idazleak. “gustukoen dudan generoa dela esango nuke, gehien harrapatzen nauena”. Azaroaren 29an jasoko du saria, Ondarroan, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

Thrillerraren formatua erabili arren, nobelan beste hainbat gai ere ageriko direla aurreratu dute: belaunaldien arteko talka, baserriaren eta kalearen arteko gatazka, bikote harremanak... Fikziozkoa da lana, baina errealitatean du oinarria kontakizunak, Gorrotxategik onartu duenez. “Duela hogei urte inguru gure osabak halaxe aurkitu zuen burezur bat lursail batean: gogoratzen dut Pako Etxeberria etorri zela indusketa-lanak egitera, eta nolabait gogoan tinko geratu zitzaidan gertaera hura. Hortik abiatzen da fikziozko istorio hau”.

Gaztetan Urruzuno literatur lehiaketa irabazitakoa da Gorrotxategi, baina hau izango du lehen literatur lana. itzulpengintzan lizentziatua da, Turismoan diplomatua, eta baditu zenbait master ere. Lanbidez irakaslea da Elgoibarko ikastolan.

Aurreko irabazleak

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zen Agustin Zubikarai beka, baina 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, Joxean Agirreren "Zwei Frauen (Bi emakume)", Itxaso Araqueren "Damutzen ez direnak", Garbiñe Ubedaren "Hobe isilik", Garazi Kamioren "Orube abandonatuak" eta Jasone Osoro, "12etan bermuta" lanak saritu eta argitaratu dituzte bekarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.