Sortzea, amiltzea, uholdea, erredentzioa eta apokalipsia. Horiek dira, gutxi asko, Jay MacPhersonen lanetan sarrien azaltzen diren gaiak. Sakonki kristautzat zeukan bere burua, protestante humanistatzat, eta zinezko mitoa interesatzen zitzaion gehien; asmamenerako ahalmena gordetzen duen hura. Londresen jaio zen, 1931. urtean, eta iragan martxoaren 21ean hil zen, Kanadan, ia bizitza osoa han eman ondoren. Munduan ez du ospe handirik bildu, baina, ezbairik gabe, pertsona esanguratsua izan da Kanadako literaturan.
Hamar urte bete aurretik, jaioterria laga eta Amerikara joan zen familiarekin, gerrako apopilo gisa. Hogei urterekin lortu zuen gradua, eta Londresera itzuli zen aldi baterako. Hala, aitaren lagunartean ezagutu zuen Robert Graves poeta eta klasizista. MacPherson gaztearen poema batzuk irakurri ondoren, zera idatzi zuen Gravesek: «Benetakoak dira hauek, kanadarrak izan arren... Zelako nahasmena duen neska honek!».
1952ko uda Mallorcan pasatu zuen Gravestarrekin, haurrak zaintzen-eta. Hogeita bat urte bete zituenean, opari berezia egin zion Gravesek; hain zuzen, haren lehen poema bilduma eman zion argitara: Nineteen poems (Hemeretzi poema). Umezain izateko lan eskaintza ere egin zion, baina MacPhersonek ez zuen onartu. Horren ordez, Kanadara itzuli, eta Northrop Frye irakasle eta kritikaria ezagutzeko parada izan zuen.
Simetria izugarria
Fryek gonbit zuzena egin zion: «Zatoz Torontora, eta Blake irakatsiko dizut». Ordurako, mundu akademikoan dezenteko sona lortua zuen kritikariak, 1947ko lan bati esker: Fearful Symmetry (Simetria izugarria). Lan hartan, William Blake poeta ingelesaren berrinterpretazio iraultzaile bat egin zuen Fryek. Izan ere, kritikari gehienek Blake erdi zorotzat zeukaten ordura arte, baina irakasle kanadarrak ikusarazi zien oso oker zeudela. Hain justu ere, Blakek erreferentzia sistema konplexu eta aberats bat osatu zuen, gehienbat Biblia eta John Miltonen Paradise Lost (Paradisu galdua, 1667) oinarri hartuta.
Erronka onartu zuen MacPhersonek, baita ederki gainditu ere. Masterra eta doktoregoa egin zituen Fryeren gidaritzapean, eta, bien bitartean, argitaletxe txiki bat sortu zuen: Emblem Books. Hor argitaratu zuen hurrengo poema bilduma, O Earth Return (Itzul zaitez, oi Lur). Aurreko bilduma biak The Boatman (Txaluparia) liburuan txertatu zituen, 1957an. Lan hori —haren ezagunena— Northrop Fryeri eskaini zion, eta ez zen eskaintza hutsa izan. Izan ere, irakaslearen teoriak gauzatu zituen, arreta berezia jarrita poesiaren ezaugarri mitiko eta arketipikoei.
Adituek poeta mitopoietiko etiketa jarri diote MacPhersoni. Haien ustez, haren lanak bateratu egiten ditu Carl Jung psikiatraren arketipoak, T. S. Elioten gizarte ikusmolde kontserbadorea eta, jakina, Fryeren teoriak. Fryek berak zera idatzi zuen The Boatman lanari buruz: «Askotariko oihartzunak biltzen ditu, poema ugariren aipu zuzenak; era berean, interes bizia jartzen du Bibliako nahiz kultura klasikoko mitoetan». Kritikarien esanetan, liburuko txaluparia Noe da, artistaren alegoria gisa ulertua. Noeren arkak, berriz, Jungen inkontziente kolektiboa iradokitzen ei du.
1974an, Welcoming Disaster (Hondamendi abegitsua) plazaratu zuen. «Aurreko lan klasikoaren aldean, erromantiko ageri da MacPherson: pertsonalago, ilunago, baita groteskoago ere; errimak askozaz konplexuagoak dira». Margaret Atwoodek idatzi zituen hitz horiek, hain zuzen, bere irakasle izan zenari buruz. Unibertsitateko joan-etorriak neketsuak egiten zitzaizkiola ikusirik, MacPhersonek bere etxean hartu zuen Atwood. «Zinez abegitsua izan zen nirekin. Bere etxean bizi nintzenez, ikasle-irakasle harremanetik harago joan ginen».
Bidelagun aparta
MacPhersonek aparteko eragina izan zuen Atwoodengan. Irakasle gisa, mitoetan sakontzeko aukera eman zion eta, bereziki, emakumezko pertsonaia mitikoak ezagutzekoa: Inanna, Hekate, Trivia, Psike eta abar. Horrez gain, MacPhersonek ikaslearen poemak eta fikzio lanak irakurri eta iruzkindu zituen, artean hasiberria zelarik. Hala dio Atwoodek berak: «Entzuten zuenean, benetan aditzen zuen. Norbaitek ulertzen zaituenean eta interesa zugan jartzen duenean, harremana sakondu egiten da halabeharrez».
Egun, Margaret Atwood Kanadako idazlerik laudatuenetako bat da, Alice Munrorekin batera. Berrogeita hamar liburutik gora eman ditu argitara: nobelak, poema bildumak, saiakerak, ipuin bildumak... Lan horiengatik, dozenaka sari eta aipamen jaso izan ditu nazioartean: esate baterako, Booker Prize saria, 2000. urtean. Atwoodek askotariko gaiak landu izan ditu bere liburuetan, baita liburuetatik kanpo ere. Izan ere, Kanadan aski ezaguna da, besteak beste, mugimendu feministari eta ekologistari ematen dien babesagatik. Haren interesgune guztien artean, toki berezian daude mitoak eta horien sorkuntza. Kasualitatez —edo ez—, Northrop Fryeren ikasle izan zen Torontoko Unibertsitatean, baina, bereziki, Jay Macpherson izan zuen bidelagun.
Literatura
Mito kanadarrak
Eragin handiko poeta bat zendu berri da Kanadan: Jay MacPherson. Literaturaren eta mitoaren arteko lotura landu, eta, bide batez, zubi lana egin zuen Northrop Frye eta Margaret Atwood idazleen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu