Mixel Thikoipe pausatu da asteazken honetan, 69 urtetan. Kantari eta idazle gisa ezaguna zen Thikoipe. Sortzez Amendüzekoa zen, eta Maiatz argitaletxearekin liburuak plazaratu zituen Amikuzeko euskara ederrean: Hotz bero (2007), Gorrail azeria (2008), Jin bezala (2009). Hotz bero argitaratu zuenean, honela idatzi zuen Xan Aire BERRIAko kazetariak: “Idazle gaztea, baina biziaz dakien gizona, lanak eta urteek zizelkaturik, berriki erretretan sartua. Isilka bezala idazten zituen bere istorioak Mixel Thikoipek. Eta bizi-lagunari herabeki erakusten”. Bere haurtzaroa markatu zuen Le Roman de Renard liburua lehen aldiz osoki euskaratu zuen: Gorrail azeria.
Kantari eta musikaria ere bazen; bereziki, Jojo eta Bernadette Bordagarairekin osatu Pil-Pil taldean ari izana zen azken urte hauetan, eta, lehenago, Xorrotxak taldearekin. Hura zendu arte, Alixandre Bordagarai —Bernadette eta Jojoren aita— izan zuen kantari lagun.
Sindikalismoan engaiatua zen, halaber, eta langile borroka anitzetan parte hartu du.