«Marrazteko ekintza magikoa da», adierazi zuen Jean Giraud Moebius marrazkilariak iaz egindako jendaurreko agerraldi batean. «Magia gure inguruan dago eta denborarekin komunikaziorako tresna bihurtzen da. Hori bilatzen dut nik beti, baina ez da aise lortzen». Ahalegin horretan, estilo pertsonal baten sortzailea izan da Moebius, XX. mendeko komikigintzaren klasiko ezaguna, Blueberry tenientearen eta beste hainbat pertsonaia ezagunen marrazkilaria. Atzo hil zen, 73 urte zituela, Parisen, minbizi baten ondorioz.
Parisko kanpoaldean jaio zen Jean Giraud, Nogent-sur-Marne auzoan, 1938ko maiatzaren 8an. Gaixoaldi batean liluratu zuen komikiaren munduak, aitona-amonen etxean. 16 urte zituela Mexikora joan zen, ama hango gizon batekin ezkondu zelako, baina gero Parisa itzuli zen, soldaduska egitera. Geroztik Frantzian bizi izan den arren, Mexikok ere arrasto sakona utzi zion.
Far West aldizkarian argitaratu zituen lehen marrazkiak, 1961ean, Joseph Gillain Jije irakasle zuela. Laster lortu zuen arrakasta, Jean-Michel Charlier gidoilariarekin batera Pilote aldizkarian Lieutenant Blueberry komiki saila argitaratzen hasi zenean, 1964an. Gaur egun komikigintzaren klasiko ezinbestekotzat jotzen da sail hori.
Zientzia fikzioaren zalea
Zientzia fikziorako zaletasunak harrapatu zuen urte batzuk geroago, eta orduan hartu zuen Moebius izena, August Moebius aleman matematikari eta astronomoaren omenez. Les Humanoides Associes taldeko kide izan zen 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Philippe Druillet, Jean-Pierre Dionnet eta Bernard Farkas marrazkilariekin batera, eta elkarrekin sortu zuten Metal Hurlant aldizkaria. Eragin handiko lanak plazaratu zituen aldizkari hartan Moebiusek, Arzach eta The Long Tomorrow, adibidez.
Alejandro Jodorovsky idazlearekin elkarlanean aritu zen Dune zinemara egokitzeko, baina azkenean ez zuten lana amaitzerik izan. Jodorovskyren bidez Carlos Castaneda idazlea ezagutu zuen, eta horrek Le Garage Hermétiquesailean lan egitera eraman zuen 1976tik 1980era arte.
Komikigintza utzi gabe, film askotan egin zuen lan diseinatzaile gisa, Alien (1979), Tron (1982), Masters of the Universe(1986), Willow (1987) eta Abyss (1989) filmetan, besteak beste. George Lucas zinemagilea Moebiusen lanetan oinarritu zen Star Wars Episode V: The Empire Strikes Back filmeko Imperial Probe Droid sortzeko.
Lanean jarraitzen zuen, eta Arzach trilogiako azken lana osatu gabe harrapatu du heriotzak.
Moebius hil da, XX. mendeko komikigintzaren klasiko bat
'Lieutenant Blueberry' sailarekin eskuratu zuen arrakasta, eta zientzia fikzioan ere eragin handia izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu