Mohamed Txukriren 'Ogi hutsa' euskaratu du Aranzazu Royo Manterolak

Claudelen 'Linh jaunaren biloba' eta Christieren 'Stylesko gertaera misteriotsua' ere atera ditu Igelak

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Arabieratik zuzenean euskaraturiko liburua da Arantzazu Royo Manterolak itzulitako Ogi hutsa (Igela). Mohamed Txukri idazle marokoarraren (1935-2003) lanik ezagunena da nazioartean, ez batere eragozpenik gabe sona eman ziona.

Rif eskualdean jaio zen, eta umetan Tetuanera eta Tangerrera joan zen, familiak emigratu behar izan zuenean, miseria eta gosea zirela eta. Tangerko kaleko ume alderrai bihurtu zen 11 urterekin. Lan xumeak eginez eta bizimodua nola edo hola ateraz bizi izan zuen haurtzaroa, gose, indarkeria, prostituzio eta drogazaleen giroan. Hogei urterekin ikasi zuen arabiera irakurtzen eta idazten, kartzelan lehenik eta Laratxen gero, handik aterata. Haren ama hizkuntza rifera zen, berbereeraren dialekto bat.

Ogi pixka bat lortzea ere zail zitzaion garaia ekartzen du gogora Ogi hutsa nobela aztoragarri eta gordinak -Al-khubz al-haafi jatorrizko izenburuan-. Eleberri autobiografikoa da, trilogia baten lehen alea, berak bizi izandakoak modu xehe eta gordinean kontatzen dituena. Marokon debekatua egon zen, gordintasunagatik, eta debeku hori ez zen baliogabetu 2000. urtera arte.

Arantzazu Royo Manterolak arabiera ikasi zuen, eta Txukriren liburua egoki ikusi zuen lehen itzulpen liburua egiteko. Jatorrizko hizkuntzaz gain, frantses, ingeles eta gaztelaniazko itzulpenak ere baliatu ditu lana euskarara ekartzeko.

Beste bi liburu

Txukriren liburaz gain, beste bi liburu ekarri ditu euskarara Igelak. Agatha Christiek idatzi zuen lehen eleberria da Stylesko gertaera misteriotsua. Nobela horretan sortu zen gerora hainbeste joko eman zion Hercule Poirot detektibe ospetsua. Aloña Zabaletak eta Usoa Wyssenbachek egin dute itzulpena.

Bere literatur ibilbidea 37 urte pasatxo zituela hasi zuen Philippe Claudel idazle frantziarraren (Nancy, 1962) Linh jaunaren biloba nobela ere argitaratu du Igelak, Itziar Diez de Ultzurrunen itzulpenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.