Museoak

Moneo izendatu dute Oteiza Fundazioaren patronatuaren presidente

Francisco Calvo Serraller egungo presidenteak azaroan eman zuen dimisioa.

Rafael Moneo. MIGUEL A. LOPES, EFE
Berria.info
2014ko martxoaren 26a
08:09
Entzun

Oteiza Fundazioaren patronatuak azaroan bertan proposatu zuen Rafael Moneo patronatu-kidea presidente kargurako, eta arkitektoak onartu egin du eskaintza Altzuzan egindako bileran.

Oteiza Fundazioa erakunde pribatua da, patronatu batek gidatua eta Nafarroako Gobernuak finantzatua. Hasieran, Fundazioaren presidentea Juan Huarte enpresari eta mezenas artistikoa izan zen. Gero Pedro Manterola arte adituak hartu zuen kargua, eta 2012an Francisco Calvo Serraller historialari, saiogile eta arte kritikariak ordezkatu zuen. Joan den urteko azaroan fundazioko lehendakaritza utzi zuen Calvo Serrallerrek, "arrazoi pertsonalak" argudiatuta.

Calvo Serrallerren presidente aldia ez zen polemikatik salbu izan. Hain zuzen ere, iazko uda aurretik babesa eskaini zion Valentziako IVAM museoan egindako erakusketa bati. Jorge Oteizaren marrazki batzuekin osatutako mostrako lanak Oteizak berak egindakoak ote ziren zalantzan jarri zuten zenbait adituk. Erakusketaren kalitatea ere ezbaian jarri zuten ikertzaile batzuek.

Rafael Moneo presidente izendatuta, honako beste kide hauek osatzen dute patronatua: José Luis Sánchez de Muniain Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria, Marisa Saenz de Oiza arkitektoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Jaione Apalategi, Juan Antonio Urbeltz folklorista, Jose Angel Irigarai idazlea, Xabier Morras pintore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaslea, Nafarroako Gobernuaren Nazioarteko Garapeneko zuzendari nagusi Juan Franco Pueyo eta Fernando Redon arkitektoa.

Arkitekto laudatua eta saritua

Rafael Moneok Madrilgo Goi Mailako Arkitektura Eskolan egin zituen ikasketak (1961), eta ikasle denboran zehar (1956- 1961) Museoaren eraikinaren egile Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoarekin aritu zen elkarlanean. Moneo, Saenz de Oizarekin eta Juan Daniel Fullaondorekin batera, lehenetakoa izan zen Jorge Oteizak arkitekturari egindako ekarpenak aintzatesten, eta horrelaxe adierazi zuen 1968an. 

Moneok proiektu ugari egin ditu, besteak beste Stockholmeko Arte Museoaren eraikina, Arembergeko (Leuven, Herbehereak) Unibertsitateko liburutegia, Basileako Antzokia (Suitza), Pradoko Museoaren handitzea (Madril), Aingeruen Andre Mariaren katedrala (Los Angeles, AEB), Londresko Tate Galleryren handitzea, Berlingo Grand Hyatt hotela eta bulegoak, Houstongo Arte Museoa (AEB), Madrilgo Thyssen-Bornemizza Museoaren birmoldaketa, Stockholmeko Arte Moderno eta Arkitektura Museoa, Donostiako Kursaal Zentroa, Bartzelonako Auditori, Sevillako San Pablo aireportua, Madrilgo Atochako tren-geltokia eta Bartzelonako Estadio Olinpikoaren birmoldaketa.

Irakaskuntzan garatutako jarduerari dagokionez, eskolak eman ditu New Yorkeko Arkitektura eta Hiri Ikasketen Institutuan, New Yorkeko Cooper Union School of Architecture-n, Lausanako (Suitza) Ecole Polytechnique Federa-ren Arkitektura Departamentuan, eta Princeton eta Harvard-eko unibertsitateetan; azken honetan, Arkitektura Departamentuaren dekanoa izan zen 1985 eta 1990 bitartean.

Beste sari batzuen artean, Espainiako Gobernuaren Arte Ederren Urrezko Domina jaso du (1992), Arnold W. Brunner Memorial Prize (1993), Kulturaren Vianako Printzea Saria (1993), Pritzker Arkitektura Saria eta Frantziako Arkitektura Akademiaren Urrezko Domina (1996), eta Erromako Academia Nazionale-ren Feltrinelli Saria (1998). 2001ean Mies van der Rohe Saria irabazi zuen, eta 2012an Arteen Asturiasko Printze Saria eman zioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.