JC Chandorren Wall Street toxikoak eta Paula Markovitchen Argentinako diktadurak Urrezko Hartza eskuratzeko norgehiagoka abiarazi zuten atzo, Berlinaleren lehiaketarako lehen egunean. Hauxe dute zuzendari lanetan lehen aldia bi zinemagileek.
«Finantza sistemaren munstrokeria islatu nahi izan dugu, baina ez du esan nahi barruan dauden gizaki guztiak munstroak direnik. Filmak krisiaren alde gizatiarra erakusten du», dio Chandor zuzendariak. Besteak beste, Jeremy Irons, Kevin Spacey, Paul Bettany eta Zachary Quinton aktoreek hartu dute parte Margin Call filmean. Eta 2008ko Wall Streeteko krisiari aurpegia jarri ostean Ironsek «moraltasuna» eskatu dio finantza munduari, filmaren aurkezpena aprobetxatuz.
Hondamendi globala gertatu bezperako gauean gertatzen da dena. Aktibo toxikoak, managerrak, brokerrak eta buruzagi errukigabeak dira filmaren osagarri nagusiak. Hala ere, Chandorrek ikuspegi grinagabea eta malenkoniatsua aukeratu du bankarrota globalaren kontakizuna egiteko orduan.
El premio filmak, bestalde, Argentinako diktadurak gizartean zein norbanakoengan sortutakourraketa kontatzen du hondartzako etxe batean bizi diren ama-alaba batzuen bitartez. Paisaia idilikoan bizi dira, baina baldintza penagarrietan. Armada zer den idatzi behar du alabak eskolarako idazlan batean, eta ama jota utziko dute 7 urteko umearen deskribapenek.
Panahiri babesa
Film argentinarra «ederra» izan arren «agian luzeegia eta literarioegia» dela esan du kritikak. Baina horixe zen zuzendariaren asmoa: «Zinema genero literario bat da, irudi gutxi erabiltzen dituena, baina irudi bakoitzak karga handia hartzen du bertan».
Bestalde, Jafar Panahi zuzendari irandarrari babesa erakutsi dio Berlinalek bere Offside filma emanez. Panahi kartzelan dago Teherango erregimena kritikatu izanagatik.
«Moraltasuna» eskatu die Jeremy Ironsek finantzariei Berlinalen
'Margin Call' eta 'El Premio' filmek Urrezko Hartza eskuratzeko lehia hasi dute lehen egunetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu