Bart hil da Motorhead heavy metal talde ezagunaren ahotsa eta baxu-jotzaile zen Ian Lemmy Kilmister. Minbizi baten ondorioz zendu da Los Angelesen (AEB), 70 urterekin.
1975ean sortutako talde ezagun honek 22 disko eman dtu argitara, eta kontzertu ugari eskaini ditu munduan zehar. Azken diskoa iragan abuztuan eman zuten argitara: Bad Magic. Lemmy berak sortu zuen taldea, eta 1980ean kaleraturiko Ace of Spades diskoa zein hari izena ematen dion kantua oso ezagun bilakatu ziren.
[YouTube]https://youtu.be/1iwC2QljLn4[/YouTube]
Taldekideek agiri baten bitartez jakinarazi dute duela egun batzuk izan zuela Kilmisterrek gaitzaren berria. Sentitzen duten tristura deskribatzeko "hitzik gabe" gelditu direla adierazi dute. Hala, Motorhead "ozen" entzuteko deia egin diete euren jarraitzaileei. Phil Taylor taldeko garai ospetsuenetan bateria jotzaile aritu zen musikaria ere joan den azaroan hil zen 61 urterekin.
Rock gogorraren ikono bat
Beti heavy metalarekin lotu bazituzten ere, Lemmy Kilmisterrek eta Motorheadek gainditu egin zuten eszena hori, eta miretsiak ziren bestelako estiloetako zaleen artean ere. Lemmyk berak uko egiten zion etiketari: "Ni metala baino lehen hasi nintzen. Rock-and-rolla jotzen dut eta uste dut rock-and-rolla sakratua dela. Niretzat hala da, eta ez dakit besteentzat zergatik ez duen hala izan behar". Hain zuzen ere, punkak 1970eko hamarkadaren amaieran eztanda egin zuenean, Motörhead izan zen punkaren energia rock gogorrera eraman zuen taldeetako bat.
Lemmyk, gainera, bidea egina zuen Motorhead sortu aurretik ere. Hala, 1960ko hamarkadan talde ugaritako kide izan zen (Sam Gopal, The Rockin' Vickers, Opal Butterfly), eta 1971n Hawkind talde ezagunean hasi zen, lehendabizi baxua jotzen baina gero baita noizbehinka abeslari moduan ere.1975ean, taldekideekin hainbat istilu izan ondoren, Bastard taldea sortu zuen, eta gerora Motörhead izena jarri zion —Hawkindentzat idatzitako kantu baten izenburua zuena—. Berehala sartuko ziren taldean Motörheaden formazio klasikoa osatuko zuten bi kideak: Fast Eddie Clarke gitarrista eta Phil Taylor bateria jotzailea.
Taldeak 1980ko hamarkadaren hasieran lortu zuen oihartzun mailarik handiena, heavy metala Europan zabaltzen hasi zen momentuan hain zuzen ere. Ace of Spades, Overkill eta No Sleep 'till Hammersmith zuzenean grabatutako diskoa erreferentzia saihetsezinak bilakatu ziren urte haietan soinu gogorren jarraitzaileen artean.
Gerora, metalaren alorrean beste joera batzuk nagusitu zirenean, Lemmy eta Motörheaden itzala apur bat lausotu zen —taldean ere izan ziren aldaketak—, baina 1990eko hamarkadan belaunaldi berri bat sortzearekin batera, asko izan ziren Kilmisterren taldearen eragina nabarmendu zutenak.