Zinema. Estreinaldiak

Motorzale bakartia justizia bila itzuli da

'Ghost Rider' komikiko pertsonaiaren bigarren atala egin du Nicholas Cage aktoreak

Bigarren aldiz jantzi du motorzalearen jantzia Nicholas Cagek. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Azken urteotan irakurri dugunez, Nicholas Cagek arazo dezente izan ditu bere herrialdeko Ogasunarekin. Akaso, ez da hori arrazoi nagusia, baina ez da sobera konplikatua gertaera horren eta haren azken urteotako filmografiaren arteko lotura maltzurra izatea. Izan ere, lekutan gelditu dira Wild at Heart» (David Lynch, 1990) eta halako kultuko pelikulak; gaur egun, zinema komertzialaren ikur nagusietakoa bihurtu da Cage.

Testuinguru horretan, orain dela bost urte Ghost Rider film kaskartxoa egin zuen. Marvel etxeak bere pertsonaiei ahalik eta etekin handiena ateratzeko martxan jarritako estrategiaren barruan etorri zen komikietako pertsonaia horren zinemarako bertsioa. Filmak oso kritika txarrak izan zituen, baina halako frankiziekin gertatu ohi dena gertatu omen zen: inperioak mundu osoan duen nagusitasunari esker, billete berdeak ailegatu ziren bueltan ekoizleen patriketara.

Hori ikusita, sortaren bigarrena egitea erabaki du Marvelek. Zuzendaria aldatu dute, oraingoan hainbat akzio filmekin ezagun samarrak egin diren Mark Neveldine eta Brian Taylor arduratu dira enkargua betetzeaz. Gainerakoan, ezer gutxi aldatu da Ghost Rider: Spirit of Vengeance-n eta, jakina, Nicholas Cagek segitzen du protagonista izaten.

Johnny Blaze motorzaleak botere ezohikoak ditu, baina berarentzat madarikazioa da dohain hori izatea. Bere mendeku grina kontrolatu nahirik, mundutik aparte bizi da Blaze, ez du harremanik inorekin. Halako batean, Moreau izeneko monje batek joko du berarengana, haren laguntza behar duelako. Nadya eta Danny semea aurkitu behar dituzte, Roarke maltzurrak aurkitu baino lehen.

'GHOST RIDER: SPIRIT OF VENGEANCE'.

Zuzendariak: Mark Neveldine, Brian Taylor.

Aktoreak: Nicholas Cage, Idris Elba, Violante Placido, Christopher Lambert, Ciaran Hinds, Johnny Whitworth.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 95 minutu.

Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.