Mozarten opera bat eta Haydnen beste bat emango ditu Arriaga antzokiak

'Der Schauspieldirektor' eta 'La Canterina' obra arinak taularatuko dituzte gaur eta bihar Bilboko aretoan

Bi operetako talde artistikoetako kideak. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Wolfgang Amadeus Mozart konpositorearen opera lan bat eta Joseph Haydn konpositorearen beste bat eskainiko du Bilboko Arriaga antzokiak, gaur eta bihar, 20:00etan hasita. Aurrenekoa, Mozartena, DerSchauspieldirektor (Antzokiko zuzendaria) da. Haydnena, berriz, La canterina (Abeslaria). Biak ala biak XVIII. mendean sortuak dira. Garai berekoak izanik, bi obrak dramaturgiaren aldetik lotu dituztela adierazi du Marco Cartini eszenografia zuzendari italiarrak. Pablo Mielgo espainiarra arduratu da, berriz, musika zuzendaritzaz.

Cartinik adierazi du Mozarten lanak gaur egun pil-pilean dagoen gai bat jorratzen duela: «Der Shauspieldirector lanak kultura munduak baina batez ere antzerkiak sufritzen duen krisia aipatzen du. Gaur egun kultura munduan lan egiten dugunok badakigu zein den egoera». Bertan, bere opera lana aurrera eramateko dirurik ez duen zuzendari bat ageri da. Egun batean, antzezlana ikustera dirudun bankari bat joan, eta diruz laguntzea erabakiko du.

Bi obretan umorea nabari bada ere, La Canterina aurrekoa baino lan «leunagoa» dela esan du zuzendari italiarrak. Argudioari dagokionez, maitasun kontuak lantzen ditu: neska gazte batek kantu eskolak jasotzen ditu. Irakaslea ikasleaz maiteminduko da, baina neskak beste gizon baten opari garestiak jasoko ditu. Eszenografiari dagokionez, kutxa bat ikusteko aukera dagoela nabarmendu du Cartinik. Ontziamugimenduan dauden bost ispiluk osatuko dute.

DerSchauspieldirektor 1786ko otsailaren 7an estreinatu zen, Vienan. Singspiel bat da —opera arin edo herrikoia—, baina denborarekin jatorrizko lana galduz joan da, eta, egun, zati bat baino ez da lantzen. La Canterina opera bufoak oinarri gisa Carl Friberthen libreto bat du. 1766an ikusi zen aurrenekoz, Austrian.

Cartinik dioenez, musikaz eta antzerkiz osatutako opera ikuskizuna da Bilbokoa. «Musika eta antzerkia nahasten dituen lan bat da. Arlo bakoitzak operaren erdia osatzen du. Emanaldia antzeztuz hasten da; hori dela eta, jendeak harrituta begiratzen du». Lan bikoitz horretarako, hainbat tokitako artistak bilduko dira: euskal herritarrak, italiarrak, frantsesak, espainiarrak... Batzuek abestu egingo dute. Beste batzuek, antzeztu. Eginkizun hori izango dute Silvia Lopez eta Itziar de Unda sopranoek, Anais Masllorens mezzosopranoak, Alberto Nuñez eta Alexandre Guerrero tenorrek eta Axier Sanchez baritonoak. Antzezteko ardura, berriz, Felipe Loza eta Aritza Rodriguez aktoreek edukiko dute. Annalisa Stroppa mezzosoprano italiarrak lan bikoitza izango du. Hau da, operak irauten duen bitartean, ikus-entzuleak Stroppa abesten eta antzezten ikusiko du.

BIOSen parte hartzea

Abeslari eta aktoreak ez dira izango Arriagako oholtzan bilduko diren bakarrak. Bizkaiko Orkestra Sinfonikoak (BIOS) ere emanaldian parte hartuko baitu. Musika zuzendariaren ustez, kalitate handia du Bizkaiko orkestrak. «Nik entseguak lehenengo ilaran eserita ikusi ditut, horregatik esan dezaket orkestrako kideek etorkizun handia dutela. Hori egiaztatzeko aukera Arriagara joaten denak izango du». Era berean, musikari eta aktoreen lana ere goraipatu du Mielgok.

Ildo berean, Alexandre Guerrero tenor frantziarrak lankideen artean sortutako «familia giroa» nabarmendu du. «Guk familia txiki bat sortzeko aukera izan duguhemen bilduta egon garen bitartean». Horrez gain, emanaldia itxaropenez ikusten duela erantsi du. «Lana entseguak bezain ondo irtetea espero dut. Baina entseguetan landutakoaren erdia ikusiko balitz, ez legoke gaizki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.