Mugimendu iraingarria

Eric Satie musikagilearen 'Vexations' pieza oinarritzat hartu du Zuhar Iruretagoienak Rekalde aretoan gauzatu duen proiekturakoMusikak, argazkiek, ikus-entzunezkoek eta eskulturek osatzen dute lana

Zuhar Iruretagoiena, atzo, Rekalde aretoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Bilboko Rekalde aretoan sartu eta berehala, etengabe biraka dabilen binilo batek bereganatzen du gelara sartzen den ororen arreta. Bitartean, Eric Satie musikari frantsesaren Vexations lana (Laidoak) entzun daiteke bozgorailuetatik. Disko biragailuak 13 argazki ditu lagun; horietan uhalen bidez sabaitik eskegitako musikari bi agertzen dira: Jurdana Otxoa biolin jotzailea eta Santiago Latorre saxofoi jotzailea. Haiekin batera, musika jotzen duten bitartean astintzen dituen emakume bat agertzen da. Zuhar Iruretagoiena dugu emakume hori; eta Vexations bere azken lanaren parte dira disko biragailuak erreproduzitzen duen soinua eta argazkiak. Atzo inauguratu zuten artista zarauztarraren erakusketa Rekalde aretoan, eta otsailaren 12ra arte izango da ikusgai berton. Iruretagoienak 2011. urteko Errekalde beka irabazi zuen aurkeztu berri duen lanaren proiektuarekin.

Artistak berak azaldu duenez, erakusketan bildutako argazkiak performance baten arrastoak dira. «Hasieran, proiektua planteatu nuen akzio performatibo moduan; nahi nuen musikari batzuekin kolaboratu. Haiei eskatu nien Eric Satieren Vexations pieza interpretatzen saiatzea, nik interpretazio horretan parte hartzen nuen bitartean». Artistak musikarien interpretazioa oztopatu behar zuen, haiek aluminiozko estruktura batzuen kontra botata, era horretan Satieren piezaren bertsioaren interpretazio berria eginez.

Erakusketan, akzio hori dokumentatu duten 13 argazki daude ikusgai. Horrekin batera, soinuzko erregistroa duen biniloa entzun, eta musikarien lana oztopatzeko, Iruretagoienak erabilitako lan eskultorikoaren poliesterreko moldeak ere ikus daitezke. Artistak berak argitu duenez, argazki horiek, lanaren «parte txiki bat» baino ez dira, «[Rekalde aretoan] egindako lana osorik erakusterik ez zegoelako». Jakinarazi duenez, aurrerago, proiektu osoa bilduko duen liburua argitaratuko dute.

50 bat argazkik, musikarien performancea bitartean grabatutako audio eta bideoek eta musikariek talka egiten zuteneko aluminiozko eskulturak eta haren moldeek osatzen dute lana osorik. Argitaratuko duten liburuan, argazkien hautaketa zabalagoa egingo dute. Nahiz eta Rekalde aretoan ikusgai ez izan, liburuarekin batera, grabatutako bideoa ere banatuko dutela argitu du Iruretagoienak.

'Vexations'-en iraina

Vexations proiektuaren abiapuntuan, Eric Satie musikari frantsesaren inguruko hausnarketa dago. Satieren pieza aukeratzeko garaian, artistak hainbat arrazoi izan zituela azaldu du. Aspalditik musikariekin zerbait egiteko gogoak zituen eta musikariak zintzilikatzeko eta kolpatzeko asmoa proiektuaren oinarrian zegoen. Musikaren «etereotasuna» eta «mugimendua» eraman zuten musika barnean duen lan artistiko hori sortzera. Haren hitzetan, Satieren lan hori aukeratzeko motibo nagusi suertatu ziren piezaren estrukturaren «ezohikotasuna» eta izenburua bera: «Akzioa bera arraroa zen, eta partitura egoki baten bila nenbilen, nik Eric Satie ezagutzen nuen, baina ez nuen Vexations lana ezagutzen. Pieza topatu nuenean, iruditu zitzaidan partitura eraikitzeko formak, eta lanaren izenak berak, zentzua eta indarra ematen ziotela nire proiektuari eta horrekin landu nahi nuenari».

Satieren pieza 840 aldiz errepikatzeko pentsatuta dago; Iruretagoienaren ustez, errepikapena bera nahiko «iraingarria» da jada, eta musikariei are iraingarriagoa suertatzen zaie pieza zintzilika eta kolpatuta jo behar izatea. Aipatutako elementuez gain, artistak musika piezaren beste alderdi batzuen inguruko interesa zuen. «Interesatzen zitzaidan piezaren isiluneak, notak bezain garrantzitsuak direlako, izan ere, banekien, zarata piezaren parte izatera pasatuko zela». Zarata horiek, Iruretagoienak piezari egindako emanen arteko batzuk baino ez dira.

Artistarekin eta musikariekin batera, lana dokumentatu zuten argazkilari eta kamerek ere, leku dute Vexations-eko argazkietan. Artistak prozesua eta estrukturak bere osotasunean dokumentatzeko asmoa zuela argitu du: «Azken finean, hori da nire lan egiteko era, zerbait sortzeko beharrezkoa badira foku batzuk, edo argazkilari batzuk, edo tripode bat, saiatzen naiz parte edo beharrezko den guzti hori ez ezkutatzen, estrukturaren parte da eta horregatik ere argazkietan ateratzen dira. Haiek ere akzio horren parte dira eta horregatikagertzen dira irudikaturik».

Zailtasunak zailtasun

Lana burutan ateratzeko, zailtasun ugari izan zuen artistak. Musikariak animatzea izan zen zailtasunik handiena, bere hitzetan: «Haiek gabe, proiektua ez zen posible izango, musikariak oso eskuzabalak izan ziren nirekin, animatu ziren akzioan parte hartzera nahiz eta beraien tresnak hondatzeko aukera egon bazegoen», eskertu die Iruretagoienak.

Azaldu duenez, espazio egoki bat lortzea ere ez omen zitzaion erreza suertatu. Izan ere, bertoko hormetan aluminiozko estruktura handi bat eskegi behar zituen. Hasiera batean, artistak musikariak horma baten kontra jotzea nahi bazuen ere, gero, aluminiozko estruktura eraikitzea erabaki zuen: «Horma baten kontra jotzea nahi nuen, baina hormaren kontra joko balute min hartuko zuten, horregatik eraiki nuen aluminiozko estruktura hori, autopistako baranden eskema duena, baina giza gorputzari egokituta; bai erresistentzia aldetik, bai tamaina aldetik». Aluminiozko eskultura hori Hendaiako suhiltzaileen garaje zaharrean kokatu zuen.

Iruretagoienak hiru hilabete eman zituen iaz Hendaiako (Baiona) Nekatoenea Domaine d'Abbadia egoitzan bere lana prestatzen; izan ere, 2011. urteko Rekalde beka irabazi zuen, Vexations lanaren proiektua gauzatzeko laguntza eman diona.

Hori ez da, alabaina, irabazi duen beka edo sari bakarra, aurretik BilbaoArte Fundazioaren eta Austriako Bregenz hiriko Kunsthaus-en egoitzaeta tailer bekak ere jaso baitzituen. Horretaz gain, Ertibil Bizkaia saria jaso zuen 2009an, eta Gipuzkoako artista hasiberrien 2011ko saria ere irabazia da. Bere Ahaleginaren dantzak eta Kein titel zeitlos lanen bakarkako erakusketak egin zituen 2009an, Bilbon eta Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.