Muguruza Palestinaz ariko da Rototom Sunsplash reggae jaialdian

Abuztuaren 18tik 27ra Benicassimen egingo den festibalean Bob Marleyren senideek parte hartuko dute

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Kontzertuez gain, hitzaldiak, erakusketak, mahai inguruak eta bestelako jarduerak ere egongo dira Rototom Sunplash XVIII. Reggae Jaialdian, Benicassimen (Herrialde Katalanak). Abuztuaren 18tik 27ra izango da. Fermin Muguruza kantaria ere bertan egongo da; ez da, ordea, oholtza gainera igoko. Palestinako gatazkari buruzko hitzaldi bat emango du foro sozialean, Willy Toledo aktore espainiarrarekin batera, abuztuaren 23an. Foro soziala giza eskubideen eta gatazken inguruan jarduteko gunea da, eta horretaz gain, beste hainbat gune ere egongo dira jaialdian, hala nola kalamuari eskainitako gunea, reggae musikari buruzkoa, edota irabazi asmorik gabeko gunea.

Marleyren familiaren bisita

Kontzertuez gozatzeko ere, hainbat agertoki egongo dira. Emanaldi garrantzitsuenen artean, Bob Marleyren omenaldia izango da, hilaren 23an. Haren senideek ekarriko dute gogora kantari jamaikarra: Rita Marley alargunak eta Stephen, Ziggy eta Kymani Marley semeek. Jimmy Cliff, Queen Africa, Toots & The Maytals, Shaggy, Johnny Clarke eta Inner Circle taldeak ere parte hartuko dute jaialdian, beste askoren artean.

Bestalde, foro sozialeko egitarauan bi hizlari nabarmentzen dira: Shirin Ebadi Bakearen Nobel saridun irandarra eta Vandana Shiva ekologista eta feminista indiarra. Hilaren 24an eta 26an emango dute hitzaldia, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.