«Eskuko hatzekin» zenba daitezke Antonio Lopezek egin dituen erakusketak. Denbora hartzen du obrak egiteko. Gutxi edo asko den zaila da epaitzea, baina urteak pasa daitezke obra bat hasten duenetik amaitzen duen arte. Dena dela, eta badaezpada norbaitek zalantzarik duen, artistak argitzen du denborarekin arazorik ez duela. «Harreman naturala dugu, ondo moldatzen gara denbora eta biok», lanean inoiz estualdi bat edo beste pasarazi dion arren. Eta obra bat entregatzeko edo erakusketa bat osatu ahal izateko epeak atzeratu behar izan baditu ere. Baina halakorik gertatzea «askatasunez sortzeagatik ordaindu beharreko prezioa» dela uste du artistak, eta aparteko garrantzirik ez duela.
Helmugari berari baino garrantzi handiagoa ematen dio bideari. Edo abiapuntuari. Zerbait egingo duela pentsatzeak sorrarazten dion ilusioari. «Zerbaitekin amestea da azkenean. Gero, beharbada, denborak eragotzi egingo dizu, edo sortuko dira zailtasunak, baina ohitua nago egoera prekario horretan lan egitera, eta ikasi dut hasierako ametsarekin eta ondorengo bidearekin gozatzen, toki batean zein aurkakoan amaitu arren gero».
Ametsen artean, Bilbo
Velazquez saria irabazteak Madrilgo Reina Sofia museoan erakusketa bat egitea zekarren oinarrien artean. Baina Lopezek dio hartarako obra berri nahikorik ez zuela. «Hasitakoak asko, baina amaitutakoak, berriz...». Erakusketarik ez egitea erabaki zuten azkenean. Alabaina, handik gutxira Thysseneko historialari Guillermo Solanak konbentzitu zuen erakusketa bat egiteko. «Reina Sofian gauza asko erakutsiak nituen, ezin nituen berriro aurkeztu. Thyssenen ez zegoen arazo hori. 50 bat obrako erakusketa izango zena atzera begirako bihurtu zen. Eta han hasitakoa da Bilbora iritsi den intentzioa».
Indar handiz mintzo da buruan dauzkan proiektuez, edo noizbait izan dituenez. Bilbo pintatzea gustatuko litzaiokeela dio, «nahiz eta ez dudan askorik ezagutzen. Baina horretarako dago sena. Ez da lehen begi kolpean gehiegi gustatu zaidan hiri bat, baina ez dit atzeraka eman ere».
«Zoriontsua» dela eta «pozik» bizi dela dio, «nahiz eta egungo mundua ilunpetsua den». Artistaren aburuz, «behera etorri dira pertsonen jokaerei eusten zieten oinarriak, eta etenik gabe mehatxu egiten digun piztia antzeko zerbait dago munduan. Ikuspegi dramatiko horretatik aldenduta lan egiten saiatu naiz beti. Kafka edo Dostoievskiren garaitik ere munduaren ikuspegi ikaragarria eman dugu artistok, baina benetan hainbesterako al da? Mundua bada nahiko iluna, eta dagoneko ez da dena zuritu dezakeen jainkorik, eta ni beti saiatu naiz argitasun uneak erakusten, egon badaudelako. Eta horregatik ahalegina egin dut alderdi horren ilunean ez sakontzen, eta besterik ere badela azaltzen».
Velazquezek jarraitutako eredua miresten du Lopezek. «Argitasun horrekin edertu egiten zituen berez itsusiak edo zitalak ziren gauzak. Eta orduan uzten zioten begiratzeko edo aurre egiteko zail izateari».
Egia ez dela zertan gordin eta mingarri erakutsi uste du Lopezek. «Errealitateari ezin zaio ihes egin, aurre egin behar zaio, baina egia itsustasunez esateko joeraren aurrean beste jarrera bat aldarrikatzen dut. Eta jartzea, esaterako, ume baten ondoan, eta pentsatzea zer den zoragarriagorik».
«Bizitzaren indarra» lehenetsi du bere obra osoan Lopezek.
«Mundua bada nahiko iluna, eta beti saiatu naiz argitasun uneak erakusten»
Denborarekin duen harremana «naturala» dela eta lan asko amaitu ez arren bidea gozatzen ikasi duela dio Lopezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu