Munduaren akaberan

Esther Ferrerren eta Bixente Ameztoiren obrak biltzen ditu, beste askorenen artean, 'The End' erakusketak

Detritus artista, Txe Hernandez eta Oier Etxeberria, erakusketaren aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Maien profezia ilunak eta ingurumena (natura), hondamendi ekonomikoa eta katastrofismoa; hainbat kontzeptu nahasten ditu The End, natura eta profeziak erakusketak, ezkortasunetik abiatuta betiere. Helduleku horretatik tiraka, hainbat artistaren lanak jarri dituzte ikusgai Kristinaeneko ingurumen baliabideen etxean, Donostian. Gaurdanik eta irailaren 30a arte diziplina askotariko obrak ikus daitezke hiru gelatan, hondamendi globalaren inguruan hausnartzeko.

Hiru gelek —Prometheurs Garden, Zona del tiempo (Denboraren eremua) eta Mundu bat— askotariko obrak dituzte. Juan Luis Morazaren Multiple manifold machine (2003), Bixente Ameztoiren S/T (1984), Ibon Aranberriren Nature reduced to cultivation (1988) eta Bruce Bickforren Prometheus garden (1988) ikus daitezke, esaterako, Bicforren lanak izena eman dion gelan. Cornelia Hesse-Honeggerren Fire bug from seljony mys (1990), Esther Ferrerren Autorretrato en el tiempo (1999-2004) eta Jonathan Monken Relative time copied sartu dituzte, besteak beste, Denboraren eremuan; eta Detritusen Ecce Homo (2012) Aldous Huxleyren Brave new world (1956) lanaren alboan ikus daiteke hirugarren gelan, Mundu bat izeneko gelan. Olioak eta argazkiak, eskulturak eta irrati konposizioak, diziplina askotariko artelanek denboraren joan-etorria islatzen dute, amildegira daraman bidea argitzen.

«Katastrofismoa, apokalipsia erabat normaldu da hedabideetan gaur egun», esan zuen atzo Oier Etxeberria The End erakusketaren komisarioak. «Orain dugun une konplexua aprobetxatu dugu erakusketa hau prestatzeko». Dena den, erakusketa osatzen duten pieza guztiek ez dute munduaren akabera gai nagusi gisa, «baina bat egiten dute nolabait gaiarekin». Ingurumena dela, artearen hausnarketa bera… ikuspegi poliedrikoa dauka The End-ek. Munduak hartu duen bide lausoa eta iragarpen ezkorrak dira osagai komuna.

Kubrick eta Cameron

Amaierak, munduaren akaberak, zineman izan du isla argienetakoa artearen barruan. Kontaezinak dira Lur planetaren patu beltza azaldu duten filmak, ikuspuntu oso desberdinekin. Hala, zinema ziklo txiki batek lagunduko du erakusketa. Gaur bertan emango dute lehen filma:Them!Gordon Douglasen filma (1954).

Datozen hiru ostiraletan izango dira besteak: Terminator (James Cameron, 1984), The Incredible Shrinking Man (Jack Arnold, 1957) eta Dr. Strangelove, or How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb (Stanley Kubrick, 1963). 22:30ean hasiko dira denak, Kristinaenea parkearen behealdean, guardetxearen eta haurren jolastokiaren ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.