Urtero martxoaren 21ean egin ohi den bezala, mundu osoko herrialde askotan ospatuko dute gaur Munduko Poesiaren Eguna. Unescok 1999an izendatu zuen gaurko eguna, poesia irakurri, idatzi, argitaratu eta irakatsi asmo duten egitasmoak sustatu nahian. Era berean, Unescoren adierazpenak dioenez, "munduko, nazioetako eta erregioetako poesia mugimenduei aitorpena egiteko".
Aurtengo mezua Irina Bokova Unescoko zuzendari nagusiak berak idatzi du, eta euskarazko itzulpena Armiarma atarian dago irakurgai.
Hain zuzen ere, Susa argitaletxeak gaurko eguna aukeratu du Munduko Poesia Kaierak bildumako lehen hiru liburuak aurkezteko. Gaur arratsaldean izango da aurkezpena, Iruñeko Katakrak dendan, 18:00etan. Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesaireren poesia lanak euskaratu dituzte, Anton Garikanok, Itxaro Bordak eta Iñigo Aranbarrik hurrenez hurren. Bildumaren zuzendariak, Beñat Sarasola, hitzaurre bana idatzi die hiru lburuei.
Georg Trakl poeta austriarrak (Salzburgo-1887-1914) Jainkoarekiko fedea galdu duen gizarte baten umezurtz sentimendua islatu zuen poesian, eta bere poema batzuetan igarri eta iragarri egin zuen etortzekoa zen katastrofea, Lehen Mundu Gerra. Maria Merce Marçal (Ivars d'Urgell, Herrialde Katalanak, 1952-Bartzelona, 1998) poesia katalanaren kanonean gero eta indar handiagoa hartzen ari den poeta da, bere poesian "nortasun feminista, lesbiana, abertzale eta marxista baten artkulatze berezi bat" landutakoa, Beñat Sarasolak itzulpenaren hitzaurrean dioenez. Aime Cesairek (Basse-Pointe, Martinika, 1913-Fort-de-France, Martinika, 2008) negrotasunaren eta identitatearen inguruko hausnarketa zorrotz eta gupidagabea egin zuen poesiaren bitartez, eta haren poesiaren oihartzunak igar daitezke hainbat euskal poeta garaikideren lanetan.
Munduko Poesia Kaierak bildumako hurrengo hiru aleak udazkenean kaleratuko dituzte: Carlos Drummond de Andrade (Koldo Izagirrek itzulia), Emily Dickinson (Angel Erro) eta Miguel Hernandez (Josu Landa).