Iaz ez zen Bertso Egunik egin, eta aurrerantzean ibiltaria izango dela iragarri zuen Bertsozale Elkarteak. Hala, Donostiatik irten eta Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa agertu zuen. Asmo horren lehen emaitza urtarrilaren 27an ikusiko da, Mungian (Bizkaia) egingo baita Bertso Eguna.
Goizean, mahai inguru musikatua izango da Mugire txokoan. Eguerdian, hiru bazkari paralelo eskainiko dira hiru elkarte gastronomikotan, eta bakoitzean bina bertsolari ariko dira; bakoitzean 60-80 bazkaltiar izango dira. Arratsaldean, 19:00etan izango da eguneko ekitaldi nagusia: Alaitz Rekondoren esanetara ariko dira Amets Arzallus, Manex Agirre, Sebastian Lizaso, Oihana Bartra eta Unai Iturriaga. Ez dira artista gonbidatuak faltako.
Urtarrilaren 4an jarriko dira salgai Bertso Egunerako sarrerak.