Zinema

Muriel Box zuzendariari atzera begirakoa eskainiko dio Zinemaldiak

Emakumeek zinemagintzan izan duten rola azpimarratu nahi du jaialdiak Boxen lanak proiektatuz, eta haren gaitasuna nabarmendu dute, generoko lanetan ere autore begirada txertatzen asmatu zuelako

Inigo Astiz
2018ko otsailaren 9a
10:37
Entzun

Gai konplexuak eta galaraziak tratatu zituen bere filmetan Muriel Box zinema zuzendari eta gidoigile britainiarrak (Surrey, Ingalaterra, 1905- Hendon, Londres, 1991). Besteak beste, prostituzioa, adingabeen aurkako abusuak, abortua eta nerabeen arteko sexu harremanak dira bere filmetan landutako gaietariko batzuk, eta funtsezkoa da haren figura 50eko eta 60ko hamarkadako zinemagintza ingelesean. Horregatik eskainiko dio atzera begirakoaDonostiako Zinemaldiak, eta Boxek 1945etik 1964rako tartean sortutako lan nagusiak ikusteko aukera eskainiko du.

Oscar sariduna

Prestigioa badu sortzaileak, baina Zinemaldiak zehaztu duenez, orain arte, ez dira asko izan hari buruzko ikerketak. Horregatik "beharrezkoa" iruditu zaio jaialdiari Boxen filmografia berrikustea. "Diskurtso feminista batetik emakumezko errealizadoreek hainbat testuingurutan eta zinematografiatan jokatu duten rol garrantzitsua aldarrikatzeko". Badu mugarririk, gainera, Boxen ibilbideak, Oscar bat ere jaso baituen Sydney Box senarrarekin batera idatzitako The Seventh Veilfilmeko gidoiagatik. 1946. urtean izan zen, eta sari hori lortu zuen historiako bigarren emakumea izan zen.

Autore begirada

Britainiar zinemaren aldaketa aro betean sortu zituen filmak Boxek, eta bere lana genero klasikoetan txerta badaiteke ere, zinema independenteko sortzailetzat aurkeztu du Zinemaldiak. Komedia, melodrama, film poliziakoak eta zinema historikoa landu zituen, baina genero horietan zebilenean ere, adituen ustez, beti asmatu zuen bere lanei autore begirada ematen.

Guztira, 14 film luze zuzendu zituen. Eta gidoigile ere aritu zen beste sorta batean. Eta, besteak beste, bere filmografiaren parte dira The Beachcomber (1954), Simon and Laura (1955), The Passionate Stranger (1957) The Truth About Women (1957), This Other Eden (1959) eta Subway in te Sky(1959). Script gisa hasi zuen ibilbidea, eta, lehenik, Verity Films produkzio etxea ere sortu zuen senarrarekin batera, eta London Independent Producers konpainia ere jarri zuten abian gero.

Elkarlanean osatu du zikloa Zinemaldiak. Zehazki, Espainiako Zinematekarekin, Valentziako Kultur institutuaren Filmotekarekin eta San Telmo museoarekin batera ondu dute atzera begirakoa, eta horregatik, Donostiako Zinemaldian proiektatu ostean, Madrilen eta Valentzian ere eskainiko dute atzera begirakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.