ASKOREN ARTEAN
'TRADI -MODS VS. ROCKERS'
CRAMMED DISCS
Crammed diskoetxearen Congotronics bildumak Kinshasako talde interesgarri asko ezagutzera eman dizkigu, Kasai Al Stars eta Konono Nº 1, agian, entzutetsuenak. Bada, disko bikoitz honetan mendebaleko pop eta rock hainbat talde eta bakarlarik Kongoko artisten kantuen berrirakurketak, birnahasteak edo bertsioak egin dituzte. Animal Collective, Andrew Bird, Lonely Driften Karen, Skeletons, Jolie Holland, Megafaun... Pop eta rock «aurrerakoienak» bat egiten du afrikar musikarik «aurrerakoienarekin». Edo horixe da diskoa paratu dutenen asmoa. Lur labainkorretan ibiltzea gustatzen zaienentzat aproposa da.ANDONI TOLOSA
ALLO DARLIN'
'ALLO DARLIN''
FORTUNA POP
Twee pop-aren eta indie pop ameslariaren berreskuratze garaietan, komeni da ondo arakatzea, sailkatze hutsarekin bidean disko arras interesgarriak galtzeko arriskua dugulako. Pena litzateke Allo Darlin'-en debuta oharkabean pasatzea, iraultzailea izan gabe, tropeletik ihes egiteko elementuak izan badituelako. Sarah Recordsen eragina ezkutatu gabe, Darren Haymanen, Magnetic Fields edota Herman Duneren espirituak azaleratzen dira, baita Beat Happening zoragarriena ere, batik bat Monster Bobbyren baritono ahotsa Elizabeth Morrisekin elkartzen denean. Eta garrantzitsuena: kantu eder-ederrak daude. MIKEL LIZARRALDE
STEREOLAB
'NOT MUSIC'
DRAG CITY
Duela bi urte sortutako kantu hauek irteera izan dute azkenean. Chemical Chords (4AD, 2008) lanerako prestatu zituzten abestien zerrendan zeuden, baina hango giroetatik aldentzen zirenez edo, kanpoan utzi zituen Tim Ganek, taldeko buruak. Ez arduratu, betiko doinu organikoak datoz eta. Everybody's Weird Except Me eta Equivalences abestietan ohiko Stereolab entzungo duzu. Burbuilaz betetako pop argitsua da Not Music. Neon Beanding eta Silver Sands dira agian diskoan egon behar ez ziren pieza esperimental bakarrak. Horrelakoak hobe arte instalazioetan. ARKAITZ VILLAR
Musika. Argitaratu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu