LOS GINKAS
'SOMOS MAYORÍA ¿Y QUÉ?'
BIRRA Y PERDIZ
Iruñetik datoz, eta azken urtebetean entzun dudan pop disko dibertigarri eta freskoenetakoa dakarte besapean. Popa dei dakioke Los Ginkasek egiten duenari. Popabilly ere deitu izan diote, baina izan liteke surf-pop edota bublegum-punk. Eta ezerk ez luke bete-betean definituko taldeak egiten duena. Hau bigarren diskoa dute -aurrekoa, Ongi ibili pop-abilly, beraiek argitaratu dute aurten bertan-, eta pop ereserkiak (Sexy a los 90 bikaina, Sesma), eta omenaldi oso partikularrak (Autodeficiencia) uztartzen ditu hogei minutu pasatxotan. CD-R formatuan argitaratu dute, 6 euroko prezioan. MIKEL LIZARRALDE
DALE WATSON
'CARRYN' ON'
ME AND MY / KARONTE
Dale Watson Texasko country kantaria dugu, eta haren estiloa, bai ahotsean bai musikan, antzinako ispiluetan islatzen da: Johnny Cash, Merle Haggard, Charlie Rich edo Ray Price antzematen dira hamahiru kantu hauetan. Ez da kasualitatea; Texasko laguna Nashvillera joan zaigu hango musikari trebeekin soinu bikain, garden eta klasiko hori hobeto lantzeko eta, dirudienez, erraz lortu du. Dena den, artista honen jarrera Bakersfielden dago, hango musikari alternatiboekin batera, country hutsa berreskuratuz. Filosofia honen adibide moduan Hello, I'm an Old Country Songleloa dugu. Zaharrak berri, esan eta egin. JOSEBA MARTIN
AUDIO BULLYS
'HIGHER THAN EIFFEL''
COOKING VINYL
Audio Bullysen lan berria bikote ingelesak azkenaldian erakutsi duen soinu aldaketaren erakusle argia da.House bortitzenetik hip hopera egin dute jauzi, punk doinuak guztiz alderatu gabe. Hala, hitz zuzenak sortzen dituzte orain, berehala barneratu eta dantzan jartzen zaituzten horietakoak. Gurean ezezagunak badira ere, formula horrek mundu mailako arrakasta ekarri die. Higher Than The Eiffel tituluak Audio Bullys-en musikak dakarren gorakadari kasu egiten dio. Hori lortzeko, Fell Allright edo Only Man kantuak sortu dituzte, besteak beste. Jaia gustuko dutenentzat. ARKAITZ VILLAR
MUSIKA. Argitaratu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu