NATACHA ATLAS
'MOUNQALIBA'
WORLD VILLAGE
Aipagarria da azken urteetan anglo-belgikar kantariak egin duen jauzia; ethno-technoaren diva zen lehen, eta kutsu klasikodun arabiar musikaren besoetan dago orain; are aipagarriagoa da bide horretan eman dituen pauso sendoak. Bakarkako bederatzigarren lan honetan, heldutasun itzela erakutsi du. Gozoa, emotiboa... gozagarria da Atlas andrea hain lasai eta sakon kantatzen entzutea, inor konbentzitu beharko ez balu bezala. Ohi ez bezala, arabiar musikaren mesedetan jarrita daude mendebaldeko baliabideak, sotil, Jocelyn Poock eta Zoe Rahman konposatzaileen eta Samy Bishai ekoizlearen lanari esker batik bat. Bikaina. ANDONI TOLOSA
SUPERCHUNK
'MAJESTY SHREDDING'
MERGE
Mac McCaughanek Portastatic proiektuarekin eginiko bideak baretu baditu ere -hor dago Be Still Here zoragarria-, oraindik handia zen indie-rock zaleek Superchunk berriro entzuteko gogoa. Hemen dira, bueltan, Here's To Shutting Up argitaratu eta bederatzi urtera. Majesty Shredding Superchunk da bete-betean. Gitarra zorrotzak, sentiberatasuna transmititzen duen ahotsa, erritmo biziak eta energia gainezka egiten duten melodiak. Mende hasierarekin batera, kantuen erritmoa lasaitu egin zuten, baina disko hau adrenalina hutsa da. Sorpresarik ez, baina beste kantu bilduma eder bat. MIKEL LIZARRALDE
INCARNATIONS
'WITH ALL DUE RESPECT'
LOVEMONK
The Phenomenol Handclap Band taldeak joan den urtean ateratako lan psikodelikoaren ondorengoa da hau. Talde horren bultzatzaile den Daniel Collas, Quin Luke (Bing Ji Ling) eta Bart Davenport elkartu ditu Lovemonk diskoetxeak Incarnations taldea sortzeko. Honelako esperimentuak arriskutsuak izaten badira ere, oraingoan goitik behera asmatu du Madrilgo zigiluak, eta lan fin eta dotorea da honako hau. Hippysmoaren gailurrera heltzen diren kantuez beteta, doinu eroso bezain entzuteko errazak dira hauek. Tarifan grabatu izanak argia eta energia positibo gaindosia dakar. ARKAITZ VILLAR
MUSIKA. Argitaratu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu