MUSIKA. Bigarren ernaldiaren bila

Garai onenak aspaldi igaro arren, bigarren loraldi batean dauden taldeak dira aurtengo Bilbo BBK Live jaialdiko talde nagusiak

gorka erostarbe leunda
2009ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Egitarau osoa antolatu dute. Ez da dudarik. Popa eta rocka zutabe izanik, aldaera desberdineko taldeak badira. Badira atzerrikoak, eta badira bertakoak ere. Badira lurrin berria dakartenak, badira gehiengoarentzat ezezagun izanik ezusteko gerta daitezkeenak ere, baina aurtengo Bilbo BBK Live jaialdiak ezaugarri nabarmenik badu, zera da: egitarauko buruak, edo talde nagusiak, direna baino, izandakoak direla.

Izandakotik gertuen dabilena Depeche Mode izango da ziur aski, gaur jaialdiko lehen eguneko egitarauko buru dena. Aldi emankorrena 80ko hamarkadan igaro zuen Depeche Modek. Kraftwerk talde alemaniarra eta giro ilun eta gotikoko pop sintetikoa ardatz harturik pop elektronikoaren ale ederrak utzi zituen garai horretan. Berlinen grabaturiko Some Great Reward soinu industrialekoa (1984), Music for the Mases single ederrez jositakoa (1987) eta Violator rockeroa (1990) dira garai oparo horren adibideetako batzuk. Songs of Faith and Devotion (1993) techno-rock eklektikoz landutakoa kaleratu ostean, taldea desegiten hasi zen. David Gahan kantari estilodunak (1980an batu zitzaion taldeari) arazo larriak zituen heroinarekin, Martin Gore (teklatuak eta sintetizadoreak) AEBetara joan zen bizitzera ezkondu ostean, eta Alan Wilderrek taldea uztea erabaki zuen, azkenaldiko soinua ez zuelako gustukoa eta Recoil egitasmo elektronikoarekin segi nahi zuelako.

Behin David Gahanek drogarekin zituen arazoak konponduta, Ultra lan kaxkarra (1997) eta Exciter erdipurdikoa (2001) kaleratu zituen talde ingelesak. Eta lau urteko atsedenaren ostean, Playing the Angel lanarekin goia jo zuten berriro ere. Ben Hillier ekoizlearen (Blur, U2, Echobelly, Duran Duran...) parte-hartzea garrantzitsua izan zen oso. BBK Live jaialdira Sounds of the Universe lan berria besapean dutela etorriko dira. Berriro ere Hillierren gidaritzapean, tenpo ertainetarako betarik ematen ez duen soinu industrialeko diskoa ondu dute. Jakin badakite, ez dutela duela 20 urteko freskotasunik kantuak konposatzeko orduan, eta Playing the Angel bikainaren mailara ere ez dira ailegatu, baina oraindik musikaren munduan duintasunez aritzeko gai direla erakusten dute Wrong singleak ez ezik, Hole to Feed, Come Back eta abarrek. Galdutako maitasunari buruz, galdutako denborari buruz, eta euren burua topatzeko zailtasunak dituzten pertsonei buruzko letrak dituzte kantuok. Denbora berriei helduz, galdutako hura berreskuratu nahi dutela dirudi, eta bigarren ernaldi bati deika daudela agertuko dira Kobetamendiko parajean.

Denbora hobeak bizi izandakoa da Jane's Addiction talde estatubatuarra ere. 80ko hamarkadaren amaieran, grungearen eztanda iritsi aurretik, milaka jarraitzaile lortu zituen Los Angelesko taldeak. Jane´s Addiction zuzenekoa (1987), eta Nothing's Shocking (1988) eta Ritual de lo habitual (1990) apartekoak argitaratuta, AEBetako rock alternatiboaren zutabeak eraikitzen giltzarri izan zen. Geldialdi luze baten ondoren, Strays eskasarekin itzuli ziren 2003an. Orain, hastapenetako talde osaera berarekin datoz Bilboko jaialdira, Europan eskainiko dituen zortzi kontzertuetako bat ematera.

Ez du Depeche Mode eta Jane's Addictionen adinako ibili luzerik Placebok, baina Londresen sortutako taldeak ezagutu ditu sasoi ederragoak ere, 90eko hamarraldiko azken urteak, hain zuzen ere. Egiten zuen glam-rockarekin David Bowie txunditu ondoren eta taldearen izen bereko estreinakoa kaleratuta, 1996an, argitaratu zituen sona eman zioten Without You I'm Nothing (1998)eta Black Marcket Music (2000). Battle for the Sun lan argitaratu berriarekinizango dira Bilbon.Steve Forrest bateria jotzaile berriarekin grabaturiko lehen diskoa da, Steve Hewittek taldea utzi baitzuen 2007an. Brian Molko taldeko buruaren arabera, lan «alaia eta bitalista» atera zaie oraingoan: «Bizitza eta bizitzea aukeratzeari buruzko lan bat egin dugu, iluntasunetik ateratzeari buruzkoa eta argian barneratzeari buruzkoa».

Talde beteranoen zerrendan sartu beharrekoak dira Echo & the Bunnymen eta Primal Scream ere. Echo & The Bunnymen Liverpoolen sortu zen 1978an, post-punka ikur hartuz. Crocodiles lehen diskoarekin Erresuma Batuko publikoaren zein kritikaren mirespena lortu zuen. Urte luzetako ibiliaren ostean eta taldean aldaketa batzuk izan ondoren, Ian McCullochek eta Sergeantek (hasieratik daudenak), bizirik eutsi diote taldearen espirituari azken urteotan, Flowers (2001) eta Siberia (2005) plazaratuz, esaterako. Egun disko berria lantzen ari dira, The Fountain izenarekin kaleratuko dutena.

Beautiful Future lan berriarekin etorkizun ederra aurreikusten dute Primal Scream eskoziarrek ere. 1984. urtea zen Bobby Gillespiek taldea Glasgown sortu zuenean, house, soul, punk eta disko musikaren bidez rock musika birsortzeko asmoz. 80ko hamarkadako bukaeran rock klasikoak eragindako bi disko argitaratu zituen: Sonic Flower Groove eta Primal Scream. 1992. urtean Screamadelica-rekin publiko zabalago batengana iritsi ziren.

Erresuma Batuko pop eta rockaren ildoari eutsiko diote Kaiser Chiefs, Supergrass, Babyshambles eta Editors taldeek ere. Azken horrek An End Has a Star lan berria aurkeztuko du, gainera.Asian Dub Foundation Londresko kolektiboak punk, dub eta reggaez osaturiko zuzeneko bizia eskainiko du ohiko duen legez.

The Ting Tings pop-rock bikote ingelesak (The White Stripesekin alderatu dituzte), The Gaslight Anthem New Jerseyko (AEB) rock & roll taldeak, Vetusta Morla Madrilgo pop-rock taldeak edota Baddies ingelesek izango dute arnas berria eskaintzeko ardura. Ama Say bizkaitarrek, Lain gipuzkoarrek eta El Columpio Asesino nafarrek beteko dute etxekoen ordezkaritza. La gallina disko goratua aurkeztuko dute azken horiek.



Egitaraua

GAUR

16:00 Ateen irekiera

1. AGERTOKIA

17:00 - Motor

18:30 - Vetusta Morla

20:40 - Editors

22:30 - Depeche Mode

2. AGERTOKIA

16:30 - Lain

17:40 - The Gaslight Anthem

19:30 - The Ting Tings

00:15 - Basement Jaxx

BIHAR

16:00 Ateen irekiera

1. AGERTOKIA

17:25 - Supergrass

19:15 - Dave Matthews Band

22:00 - Kaiser Chiefs

23:40 - Jane'sAddiction

2. AGERTOKIA

17:00 - El Columpio Asesino

18:20 - Babyshambles

20:35 - Chris Cornell

01:15 - Echo & the Bunnymen

LARUNBATEAN

16:00 Ateen irekiera

1. AGERTOKIA

18:00 - Cycle

20:05 - Baddies

22:30 - Primal Scream

0:10 - Placebo

2. AGERTOKIA

16:30 - Ama Say

17:10 - It Hugs Back

19:00 - PhenomenalHandclap Band

21:05 - Asian Dub Foundation

01:45 - Fischerspooner



Ibai Villapun.BBK Live jaialdiko prentsa arduraduna

«Gehiago egitea zaila zen aurten»

G. Erostarbe.

Gasteizko Azkena Rock eta Bilboko Kobetasonik ere antolatzen dituen Last Tour enpresako kide da Ibai Villapun (Basauri, 1979). Krisiak eraginda «urte zaila» izan arren, «inoizko egitarau homogeneoena» antolatu dutela dio.

Krisi ekonomikoak nola eragin dizue jaialdia osatzeko orduan?

Argi dago aurtengoa urte zaila izango dela guztiontzat, eta horrek eragina izan duela salmentetan, batez ere jaialdi aurreko salmentan. Azken ordu hauetako salmenta oso ongi doa, eta nik uste dut azkenean zenbakiak politak izango direla. Aurreko urteekin alderatuz zertxobait jaitsiko da, baina pozik gaude.

Taldeak ekartzeko orduan, eraginik izan al du egoera ekonomikoak?

Bai, eragin digu. Baina ez zentzu ekonomikoan hertsiki. Aurten talde handi guztiak irten dira biran: U2, Bruce Springsteen... Horrek eragina izan du maila ertaineko taldeetan, asko etxean geratu baitira, krisialdiaren urte hau nola doan ikusiz. Ondorioz, ez dira talde asko izan biran, kontratatzeko moduan.Horrek zailtasunak jarri dizkigu baina azkenean, egitarau polita eta dotorea lortu dugu, ahal izan dugun neurrian, gehiago egitea zaila zen aurten.

Dimentsio handiko jaialdia izanik, zerk du lehentasuna, arlo ekonomikoak ala kulturalak?

Aurtengoan, bereziki, arlo musikalak izan du lehentasuna. Ekonomikoki erantzukizuna duen jaialdia da, aurrekontu handia duelako, Azkena Rock eta Kobetasonikekin alderatuta adibidez. Guretzat oso garrantzitsua zen aurten egitaru polita eta trinkoa egitea. Orain arteko jaialdietako egitaraurik trinkoena da. Aurreko urteetan baino aukera gutxiago dago, eta hori modu positiboan ikusten dut. Homogeneotasuna lortunahi izan dugu.

Egitarauko buru edo talde ezagunei erreparatuz, esan liteke bigarren loraldi batean edo haren bila dauden taldeak nagusi direla.

Estilo aldetik garbi dago Erresuma Batuko pop-rockaren aldeko apustua egin dugula, nahiz eta guztiak ez izan Erresuma Batukoak. Eta, egia da garai batean handi izandako taldeak direla egitarauko buruak, baina bakoitzaren historia desberdinduko nuke. Depeche Mode beteranoenak dira, 25 urtetik gorako ibilbidea baitute. Jane's Addictionek bi etenaldi izan ditu, eta ikusteko dago zer egiten duen. Konfiantza osoa daukagu, beti oso zuzeneko onak eman dituelako, baina ikusi egin beharko da. Eta Placebok nahiko ibilbide erregularra izan du azken urteotan.

Azken urteetan musika jaialdi erraldoien loraldia izan da Euskal Herrian. Datozen urteetan iraungo al du?

Duela lauzpabost urte, erakunde publikoek ulertu zuten musika kultura ere bazela, eta ekitaldi masibo hauek bazutela eskaera handia, eta agian bete zezaketela euren kultur programan zeuzkaten hainbat hutsune. Apustu horiek lagundu zuten horrelako jaiak antolatzeko, Bilbon, esaterako. Orain dugun egoerak, ordea, uste dut eragingo duela, galbahea izango dela eta ez dutela jaialdi guztiek jarraituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.