Musika darion eskultura

'Akorde' obrarekin, 'Soinuak soin' itxi du Anton Mendizabalek, Olivier Messiaeni eskainitako saila

Juan Luis Zabala
Oiartzun
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Akorde eskultura soinu eta argidunarekin Soinuak soin eskultura saila amaitutzat eman du Anton Mendizabal eskultoreak, eta horrekin batera itxi da Olivier Messiaen frantziar musikagileari (Avignon, 1908 -Clichy, 1992) azken hamar urteetan eskaini dion sormen prozesua ere. Sail horretako sei eskultura Parisko La Trinite elizan Messiaenen omenez egingo den erakusketan izango dira ikusgai apirilaren 27tik aurrera, Toshiko Nishimoto japoniar margolariaren lan batzuekin batera. Hainbat kontzertu ere egingo dira hilaren 27, 28 eta 29an, Messiaen duela hogei urte hil zela gogoratuz, 1992ko apirilaren 27an zehazki.

«Beti gustatu izan zait nire gai nagusiei amaiera esanguratsu bat ematea», azaldu du Anton Mendizabalek (Donostia, 1945).«Argizaiolaren eta cromlecharen gaia Sutar eskulturarekin burutu nuen; pilotaren gaia, Azkoitiko pilotalekuekin; eta orain Akorde da Soinuak soin sailaren amaiera».

Mendizabalek Donostiako Boulevard aretoan egindako erakusketan aurkeztu zuen lehenengoz Akorde, 2008an, eskultura soil gisa. Baina beste hiru urte behar izan ditu «interaktiboa izan zedin egin beharreko azterketak, probak eta muntaketa egiteko». Azterketa, proba eta muntaketa horiei esker, eskuarekin ukitzearekin batera eskulturako hodi bakoitzak musika nota bat ematen du 25 segundoz, bakoitza dagokion kolorearen proiekzioarekin lagundua.

Iazko abenduan amaitu zuen artistak Akorde eskultura, eta aurten eraman du erakusketa finkoa duen gunera, Oiartzungo Ergoien auzoko Pagoarte tailerrera. Akorde Parisera eramateko asmoa zuen, Messiaenen omenezko erakusketara, Soinuak soin saileko beste sei lanekin batera, lehenengoz han aurkezteko, baina ezinezkoa izango da asmo hori gauzatzea, aurrekontuen murrizketak direla eta. «Oso konplikatua eta delikatua da eskultura hau lekuz mugitzea», azaldu du.

Herenegun gauean Loic Maille organistak bisitatu zuen Mendizabalen lantegia, Akorde ezagutzeko asmotan. Parisko La Trinite elizako organista titularra da Maille, eta Messiaenen ikasle ezaguna. «Magikoa da», adierazi zuen Maillek, Mendizabalen lana ikusi eta eskuekin jo ondoren. «Messiaenek koloreak ikusten zituen bere musika lanetan, eta Mendizabalen lanean bat egiten dute eskulturak, koloreak eta musikak».

Haurra zela ezagutu zuen Mendizabalek Messiaenen musika, Joaquin Pildain Donostiako Parte Zaharreko San Bizente elizako organistaren bidez, hark oso gogoko baitzuen frantziarraren lana, beste organista askorentzat berritzaileegia baldin bazen ere.

Koloreak eta txorien kantuak

Eskultura egiten hasi zenetik izan zuen argi Mendizabalek halako batean heldu beharko ziola Messiaenen musikari eskulturaren ikuspuntutik. Messiaenen musikak «posibilitate espazialak» eskaintzen dituela iruditu izan zaio beti, eta haren musikarena «oso mundu aberatsa» dela. «Musikarekin batera koloreak ikusten zituen Messiaenek; interes handia erakutsi zuen beti naturaren inguruan oro har eta txorien kantuen inguruan bereziki, eta horren eragina igartzen da haren musikan; horretaz guztiaz gainera, alderdi ludikoak ere garrantzi handia du haren obran… Mundu liluragarria iruditu izan zait beti».

Orain arte beti gai baten inguruan eskultura sailak osatuz lan egin izan du Mendizabalek, baina une honetan gairik gabe dagoela dio, ez dakiela zeri helduko dion aurrerantzean. «Beste era batean lan egiten hasi beharko dut. Ez daukat halako larritasunik hori dela eta. Ez zait gustatzen formula bati jarraitzea harekin ito arte. Nahiago dut bere onenean dagoenean moztu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.